Igandean
Jotaren bilakaera aztergai, 'Hitzetik Hortzera'n
EiTB
Kopla zirikatzaile izatetik buruz ikasiak eta kantatuak izatera pasa dira jotak eta Jose Maria Esparzak emango du bilakaeraren berri.
Bat-bateko kopla zirikatzaileak izatetik, buruz ikasiak eta kantatuak izatera igaro ziren Nafarroako jotak; gaurko 'Hitzetik Hortzera' programan, Jose Maria Esparza adituak azalduko du bitarte horretan gertatutakoa. Bertsoaldiak ez dira faltako.
Jakina da tradizioek denboraren joanean aldaketak jasaten dituztela. Nafarroako jotak ere izan ditu aldaketak. Gaur egun ezagutzen dugun jota ez da inprobisatua, baina urteak atzera eginez gero, jota ere bat-batekoa eta zirikatzailea zela ohartuko gara, bertsolaritza bezala.
Igandeko 'Hitzetik Hortzera'n prozesu horretan gertatutakoa azaltzeko, Tafallara joango dira. Han izango dute zain Jose Maria Esparza idazlea eta jotei buruz jakin nahi duguna ezagutzeko aditu ezin hobea; berea da Jotas heréticas de Navarra liburua. Berak esana da gaur egungo jota eta lehengoa guztiz desberdinak direla: zergatik ote? Igandeko programan jotak entzuteko aukera izango dugu.
Igandero bezala, bertsoak ez dira faltako eta urteko lehen programan Arrasateko, Azpeitiko eta Markina-Xemeingo bertsoaldiak entzuteko aukera izango dugu.
'Hitzetik Hortzera', gaur, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus; eta astelehenetik aurrera, EiTB Nahieran atarian.