Itxi

15:00etan

Historiako emakume bertsolariak, gaur, "Hitzetik Hortzera"n

EiTB

Zazpi ataletan jorratuko dute gaia: garaiko emakume bertsolariek osatutako bertso bilduma zabala eta erreferentzia historikoak eskainiko dituzte otsailaren 23tik aurrera.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Igande honetan hasi eta datozen zazpi asteetan, historiako emakume bertsolarien berri emango du "Hitzetik Hortzera" saioak. Urteetan itzalean egon diren hainbat emakumeren ahotsak bilduko dituzte, bakoitza bizi izan zen garaiari ere erreparatuz. 

XIV. mendeko lehen erreferentzia historikoetatik hasi eta XX. mendearen erdira arte, bertsolaritzak egindako bidea berrosatuko dute emakume bertsolarien ahotsa aintzat hartuta. Gainera, zazpi ataletan egingo duten bide hori janzteko, emakume horiek osatutako bertsoak abestuta entzungo ditugu: Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Oihana Iguaran bertsolariak arituko dira zeregin horretan, eta Gari Otamendi eta Joxan Goikoetxea musikariek jarri diete doinua bertso aleei. Guztira, bat-batekoak zein jarriak diren 17 bertsoaldi. Bestalde, horietako bertsolari zenbaiten argazkien faltan, "Hitzetik Hortzera"ko lantaldean ari den Txakur Gorria kolektiboa arduratu da ilustrazio bidez horiei irudia jartzeaz. 

Bizenta Mogel, Hondarribiko Joxepa, Inaxi Etxabe, Joxepa Zubeldia, Joxepa Antoni Aranberri Xenpelar, Joxepa Inaxi eta Mikaela Elizegi ahizpak, Leoni Etxebarren, Luzia Goñi, Martzelina Lopetegi eta Plazida Otaño izango dira bertso bilduma honetako protagonistak. 

Aste honetan, Estitxu Arozenaren bertso ibilbidea

Atal berria estreinatzeaz gain, Estitxu Arozenari egindako elkarrizketa ekarriko digu aste honetako "Hitzetik Hortzera" saioak. Aurten 25 urte beteko dira lehenengoz Nafarroako txapela jantzi zuenetik, eta, urteurrenaren aitzakian, berarekin elkartu da Eider Perez Lesakan, egindako ibilbideaz eta orduko oroitzapenez hitz egiteko. 

Senpere, Lasarte-Oria, Astigarraga eta Iruñeko bertsoaldiekin osatuko dute aste honetako bilduma

"Hitzetik Hortzera" saioa 15:00etan izaten da ikusgai igandero, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)