15:00etan
Bertsolaritzari buruzko marrazki bizidunak, gaur, "Hitzetik Hortzera"n
Lazkao Txikiren, Pernando Amezketarraren eta Txirritaren marrazki bizidunak ekoizten ziren garaiaz ariko dira Koldo Izagirrerekin.
"Hitzetik Hortzera" saioan, haurtzarora bidaiatuko dute gaur. Lazkao Txikiren, Pernando Amezketarraren eta Txirritaren marrazki bizidunak ekoizten ziren garaiaz ariko dira Koldo Izagirrerekin.
90eko hamarkadan egin ziren Lazkao Txikiri, Pernando Amezketarrari eta Txirritari buruzko marrazki bizidunak. Programa horietako sintonia entzutea nahikoa da nostalgian murgiltzeko; askoren bertsozaletasunaren mugarri izan ziren marrazkiok. Haien inguruan ariko dira aste honetako saioan.
Zehazki, sormen proiektu hartan parte hartu zuen Koldo Izagirrerekin elkartuko dira: zein helbururekin eta nola sortu ote zen ideia? Zergatik aukeratu zituzten hiru bertsolari horiek? Nolakoa zen orduko giroa bertsolaritzan, telebistan eta euskal munduan? Galdera horiei eta gehiagori erantzungo die. Gainera, proiektu hark belaunaldi gazteagoetan izan duen eraginaz eta gaurko marrazkigintzaz hitz egiteko, Unai Gaztelumendirekin elkartuko dira Donostian.
Joxepa Antoni Aranberri Xenpelar eta Martzelina Lopetegi
Bertsoak ez dira faltako igandean ere, noski: Andoainen, Legazpin eta Pasai Donibanen izango dira.
Bestalde, garai bateko emakume bertsolarien hitzak entzuteko aukera izango da. Oraingo honetan, Joxepa Antoni Aranberri Xenpelar eta Martzelina Lopetegi ezagutuko ditugu. Erantzun zorrotz eta jarrera ausarteko emakumea izan zen Joxepa Antoni, eta denetariko gaiei buruz egin zituen bertsoak; ezagunenak, beharbada, neskazaharren alde idatzitakoak izango dira. Oiartzungoa zen, berriz, Martzelina, eta erromerietan eta bileretan bertsolariak izaten zirenean, sarritan hurreratu eta bertsotan hasten omen zen.
Igandetan, 15:00etan, izaten da ikusgai "Hitzetik Hortzera" ETB1en eta eitb.eus-en, eta noiznahi, EiTB Nahieran atarian.