15:00etan
Historiako emakume bertsolariei buruzko programa berezia, ETB1en
EiTB
Erreferentzia historikoak eta emakume haien bertso bilduma jasotzen ditu programa berezi honek Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Oihana Iguaranen ahotsetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
"Hitzetik Hortzera"ko denboraldia amaitu berrian, historian izan diren emakume bertsolariei aitortza egiteko atal sorta eskaini zuten. XX. mende erdira arteko bertso bilduma eta zertzelada historikoak izan ditu oinarri. Orain, atal horiek bildu eta saio bakar batera ekarri dituzte. Gaur arratsaldean izango da ikusgai ETB1en.
XIV. mendetik datoz lehen erreferentzia historikoak eta presentzia horrek indar berezia hartzen du XIX. mendean. XIX. mende amaieran, besteak beste, garaiko bertso txapelketa nagusiak irabazi zituzten Erdozio, Hargain eta Etxegarai bertsolariek, eta 30 urtetik gorako bertso bidea egin zuten plazan.
XIX-XX. mendeetakoa da bertso bilduma oparoena: Bizenta Mogelen bertso jarriak, Plazida Otaño eta Txirritaren arteko bertsoak, Mikaela eta Iñaxi Elizegi ahizpen artekoa, Joxepa Zubeldiak jarriak, Martzelina Lopetegi eta Txirritaren arteko elkarrizketa, Joxepa Antoni Aranberrik fabrikan kantatuak, Inaxi Etxabek Basarriri erantzun zionekoa, Leoni Etxebarrenek Xalbadorren Odolaren Mintzoaz idatziak eta beste zenbait.
Luzia Goñi bertsolariak ere leku berezia izango du bilduma honetan. Gauzak zer diren, berari buruzko "Hitzetik Hortzera" programa hastear zela zendu zen, martxoaren 22an.
Zertzelada historikoen lagungarri, bertsolari horien gehienen argazkiak izan arren, zenbaitenak ez zaizkigu gaurdaino iritsi: Maria Luixa Erdozio, Marie Hargain, Bizenta Mogel, Joxepa Inaxi Elizegi, Hondarribiko Joxepa, Martzelina Lopetegi, besteak beste. Txakur Gorria Kolektiboak egin ditu horientzako irudiak.
Bertso bildumari dagokionez, bertso horiei ahotsa jartzen, Eñaut Agirrek, Maddalen Arzallusek eta Oihana Iguaranek hartu dute parte, Gari Otamendi eta Joxan Goikoetxea musikariek lagunduta.
15:00etan, hitzordua daukagu bertsolari horiekin guztiekin ETB1en eta eitb.eus-en.