Itxi

Larunbatean eta igandean

Plateruenari azken agurra, asteon, "Hitzetik Hortzera" saioan

EITB Media

Leer en Castellano

Euskara eta euskal kultura erdigunean jartzeko asmoz abiatu zen Durangoko Plateruenaren proiektua orain dela ia 18 urte, baina irailaren amaieran ateak itxiko zituenaren albistea iritsi zen.

Plateruenako azken bertso saioa. Argazkia: Bertsozale Elkartea

Plateruena Kafe Antzokiari eskainiko dio "Hitzetik Hortzera" saioak aste honetako tartea. Lehendik zetozen zailtasunei, covid-19ak kulturari eta ostalaritzari emandako kolpea gehitu zaie eta bazkideek ezin izan dute beste erabakirik hartu. Berbaro Euskara Elkartearen inguruko herritar talde batek abiatu zuen Plateruenako proiektua, eta 2004tik hona, 2.000 kultur ekitalditik gora antolatu dira bertan; horietako asko bertsolaritzari lotuak. Erika Lagoma, bertako bazkide eta bertsolariarekin elkartuko da saioko gidaria den Eider Perez, urteko azken bertso saioaren egunean.

Urteko azken bertso saioa, adibidez, hitzordu garrantzitsua izan da urtero, eta hala izan da aurten ere. Gainera, bi saio antolatu zituzten abenduaren 30ean, eta bertso gosea asetzeko aukera ezin hobea izan zuten bertaratutakoek. Horrez gain, 2017ko Bertso Korrika edo Xabier Amurizari eskainitako omenaldiko momentu batzuk gogoratzeko aukera izango da aste honetako "Hitzetik Hortzera"n.

Ibon Iza Igorreko bertsozaleak Unai Iturriagaren bakarkako bat ekarriko du aste honetako Kutunaren atalera: Elizondon, 2013ko Txapelketa Nagusian kantatutakoak, hain zuzen ere.

Aste honetako "Hitzetik Hortzera"k eskerrak eman nahi dizkio Plateruenari eta bertan lanean aritu diren guztiei azken urte hauetan euskal kulturari eta bertso munduari eginiko ekarpenagatik.

"Hitzetik Hortzera" bertsolaritza saioa larunbatean 21:00etan eta igandean 15:00etan izaten da ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (2)