Larunbatean eta igandean
Bollo bertso saioak, asteburu honetan, "Hitzetik Hortzera" saioan
EITB Media
Amaia Agirre eta Eli Pagola bertsolariekin izan da Eider Perez, eta bertsolaritzak LGTBIQ+ mugimenduaren baitan egin duen eta egingo duen bideaz arituko dira aste honetako programan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Asteburu honetan bollo bertso saioak edo bertsolari bolleraz osatutako bertso saioak izango dituzte hizpide ETB1eko "Hitzetik Hortzera" saioan. Azken urteotan hainbat bollo saio antolatu dituzte han-hemenka, eta bertako esperientziez eta plazaratzen diren ideiez arituko da Eider Perez saioko aurkezlea Amaia Agirre eta Eli Pagola bertsolariekin.
Bertsolaritza, gizarte osoa bezala, pentsamolde heterosexualetik eraikia eta irakurria da. Argi dute hori Amaia Agirrek eta Eli Pagolak. Hortik abiatuta, hainbat bollo bertso saio antolatu izan dituzte, bertsolari bolleren kezkak, diskurtsoak eta umorea partekatzeko gune direnak. Izan ere, jatorriz mespretxagarri den bollera hitza bereganatu dute lesbianen kolektiboek beraien nortasuna berresteko. Bertsolaritzak LGTBIQ+ mugimenduaren baitan egin duen eta egingo duen bideaz arituko dira aste honetako programan.
Bertso saioak Hernanin, Arrasaten eta Iruritan
Bestalde, Hernanin, Arrasaten eta Iruritan berriki antolatutako bertso-saioak ere izango dituzte mintzagai aste honetan: Hernanin, Donostiako Infernuaren aldeko hitzordua egin zuten martxoaren hasieran; Arrasaten, historiako bertsolarien irudietatik eta pasarteetatik abiatuta, Orainmenean saioa osatu zuten; eta Iruritan, berriz, Baztango Talde Feministak antolatutako saioa izan zen.
Horrez gain, Lide Arrieta Arrotxapeako bertso-eskolako kidearen Bertsoaldi Kuttuna ezagutzeko aukera izango dugu.
"Hitzetik Hortzera" saioa larunbatean, 21:00etan, eta igandean, 15:00etan, izango da ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en.