21:00etan
Xilaba Bertsolari txapelketaren finalaurrekoak, gaur gauean, "Hitzetik Hortzera" saioan
EITB Media
Eider Perezek aurkeztutako saioak, gainera, Andoni Iturrioz aurtengo Xilabako finaleko txapel-emailea ezagutuko du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Azaroaren 13an jokatuko da Donibane Lohizunen 2021eko Xilabako finala, eta aste honetako "Hitzetik Hortzera"k Maule-Lextarren, Bardozen eta Izpuran jokatutako finalaurrekoak eskainiko ditu. Gainera, Andoni Iturrioz aurtengo txapel-emailea ezagutuko du.
2020an bertan behera gelditu ondoren, aurtengo irailaren 18an ekin zitzaion berriz Xilbari, Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketari. Aurreneko fasean lau kanporaketa egin ondoren, Maule-Lextarren, Bardozen eta Izpuran jokatu ziren finalaurreko saioak. Hiru saio horietako hautaketa txiki batez gozatzeko aukera izango dugu aste honetako "Hitzetik Hortzera"n.
Azkenean, sei bertsolarik lortu dute datorren larunbatean Donibane Lohizuneko Jai Alain jokatuko den finalean kantatzeko txartela: Amets Arzallus, Odei Barroso, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Maddi Ane Txoperena eta Patxi Iriart.
Oraindik ezin da jakin norentzat izango den txapela, bai, ordea, nork jantziko dion. Andoni Iturrioz izango da aurtengo txapel-emailea, eta, horrela, urte luzetan borondatez emandako laguntza isila aitortu eta eskertu nahi izan dio Bertsularien Lagunak elkarteak Iturriozi. Izan ere, besteak beste, Senpereko Larraldea etxea uzten die hainbat kultur elkarteri, tartean Bertsularien Lagunak elkarteari. Bertan hartu gaitu gu ere eta Larraldea etxeaz, finalaz, bertsolaritzarekin eta euskararekin duen harremanaz, eta askoz gehiagoz solas egiteko aukera izango dugu.
"Hitzetik Hortzera" gaur izango da ikusgai, 21:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.