21:00etan
Sebastian Lizasorekin solasean, gaur, "Hitzetik Hortzera" saioan
EITB Media
Bertsolariaren 50 urteko ibilbidea errepasatuko dute, urte hauetako oroitzapen eta bertsoaldirik onenak gogoratzeko.
Laster 50 urte beteko dira Sebastian Lizaso bertso plazetan hasi zenetik, eta ordutik, zenbatezinak dira egin dituen saioak. "Hitzetik Hortzera" saioa berarekin elkartuko da gaur, urte hauetako guztietako oroitzapen eta bertsoaldirik gogoangarrienak errepasatzeko.
Besteak beste, haren aurreneko plazetako anekdotak gogoratuko dituzte bertsolari azpeitiarrarekin, baita txapelketak eta txapelketen inguruko bizipenak ere. Euskal Herriko txapelketako azken txapela Lizasok jantzi zion Maialen Lujanbiori, eta horren atzean ezkutatzen den istorioa ere ezagutuko dute.
Gainera, Sebastian Lizasoren bertsoaldi gogoangarrien bilduma entzuteko aukera ere izango dute: 1990ean Imanol Lazkanorekin, Xabier Amurizarekin EITBko platoan eta aita eta semearekin 2005ean, adibidez. 80. hamarkadako txapelketetako saioetatik, denboran hain urrun geratzen ez diren saioetara.
"Hitzetik Hortzera" 21:00etan izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.
Igandean, Nafarroako Bertsolari Txapelketa zuzenean
Igande honetan, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala eskainiko dute ETB4k eta eitb.eus-ek , 17:00etan hasita, Iruñeko Anaitasuna kiroldegitik zuzenean. Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Julio Soto, Saioa Alkaiza, Xabat Illarregi eta Xabier Silveira dira bertsolari finalistak, eta Ilaski Serranok Irati Majuelo Itoizekin batera egingo du kontakizuna. Gauez, ETB1ek finalaren buruz-burukoa emango du 21:00etan. Hurrengo hastean, "Hitzetik Hortzera" saioak finalaren laburpena eta txapeldunari elkarrizketa eskainiko ditu.