Lehiaketa
Ioritz Berra lehiakidea 9.300 eurorekin aurrera, 'Hizkamizka' saioan
A.E.
EiTB
31 saiotan ez du hutsik egin donostiarrak, eta orain arteko errekorra bere esku dago.
Dagoeneko 9.300 euro irabazi ditu Ioritz Berra donostiarrak 'Hizkamizka' Zuhaitz Gurrutxagak aurkezten duen eguneroko saioan. 31 saiotan ez du hutsik egin, eta aurretik dirurik gehien irabazi zuen Ibon Astorkizaren (5.200 euro) zakua ia bikoiztu du.
Atzoko saioan, Erik Osa ondarrutarra izan zuen arerio; lehia bizia izan zen bien artean, baina, beste behin, Berrak aurrera egin zuen.
Ioritz Berra donostiarra da, nekazari ingeniari teknikoa. IGA edo irakasleen prestakuntzako masterra egiten ari da, irakasle izateko, frantsesa ikasten eta euskarako 4. perfilerako prestatzen, halaber. Lanbidez elikagaien auditore da, baina langabezian da egun. Lehen aldia da lehiaketa batean parte hartzen duela, eta agerian da bikain ekin diola.
'Hizkamizka', eguneroko saioa
'Hizkamizka' saioan lehiakide izateko hizkamizka@eitb.com helbide elektronikora idatzi behar da. E-posta horretan parte hartu nahi duen pertsonaren datu guztiak zehaztu behar dira: izen-abizenak, adina, helbidea, herria, e-posta helbidea eta kontakturako telefono bat. Argazkia bidaltzea ere eskertuko da.
ETB1eko arratsalderoko saio honetan 300 euro daude jokoan egunero. Bi lehiakidek hartzen dute parte saio bakoitzean eta, erantzun zuzen gehien emanez, puntu gehien lortzen duenak egiten du aurrera; hau da, hurrengo saioan parte hartzeko aukera du.
Galdera erantzunen saioa da 'Hizkamizka'. Trivial jokoan bezala, gai eta mota guztietako galderak egiten dizkie Zuhaitz Gurrutxagak lehiakideei, eta horietako batzuetan pista batzuk ere izaten dituzte.