Itxi

Castinga

'Izan Invictus' realityko castinga, gaur, Donostian

EITB

Leer en Castellano

Norberaren mugak gainditu nahi dituzten lehiakideen bila dabiltza. Oztopo lasterketetarako entrenatuko dituzte aukeratzen dituzten lehiakideak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

ETB1eko 'Izan Invictus' reality berrian parte hartzeko castingak martxan daude. Ostegunean, apirilak 20, Bilboko EiTBko egoitzan hasi ziren hautagaien probak egiten, eta gaur, ostirala, apirila 21, Miramonen egingo dituzte. Abentura berri honetan parte hartu nahi dutenek 09:00etatik 19:00etara izango dute castinga egiteko aukera.

Hostoil etxeak, audientzia buru den 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioaren ekoiztetxeak, bere mugak gainditu nahi duen edonor gonbidatu nahi du saio honetan parte hartzera. Munduko oztopo lasterketa latzenerako prestatzea eta, zergatik ez, lasterketa irabaztea izango du helburu. Erronka gogor honi aurre egiteko, menderakaitzak izan nahi duten lehiakideen bila ari dira castingetan.

Lasterketaren filosofiaren arabera, edonork parte har dezake bertan, kirolari izan edo ez. Oztopo lasterketako 10 kilometro eta 80 oztopoak gainditzea da jomuga. Horretarako, 8 asteko entrenamendu gogorra izango dute lehiakideek, "burdinazko sarjentuaren" eta entrenatzaile taldearen agindupean. Saioan, hainbat oztopo lasterketa egingo dituzte urratsez urrats aurrera egiten duten lehiakideek.

Reality berriak bilatzen dituen hautagaiek, hala ere, ez dute zertan forma onean egon, saioak puntu-puntuan jarriko baititu lasterketa gainditzeko. Halaber, aurkeztu diren hautagai gehienak gazteak badira ere, adin guztietako jendea nahi dute. Etengabe hobetzeko gogoa duten eta eman dezaketen guztia emateko prest dauden lehiakideak behar dituzte.

Aurretik eitb.eus webgunearen bitartez apuntatu diren hautagaiak deitu dituzte probetara, baina egun horietan castinga egingo duten tokietara joaten diren guztiek izango dute parte hartzeko aukera. Castingean guztira ehun hautagai baino gehiago izatea aurreikusi du saioak. Horrenbeste hautagairen artean nabarmentzeko sekretua naturaltasunez jokatu eta zintzotasunez erantzutea da, baita hautagaiak bere gaitasun berezienak kamera aurrean gogoz erakustea ere.

Mugak etengabe gainditzeko gogoa ezinbestekoa izango den bezala, lehiakortasuna izatea eta elkarbizitzan moldatzen jakitea ere garrantzitsua izango da. Izan ere, elkarbizitzak zeresan handia izango du ETB1eko saio berri honetan. Bakoitzak dituen beldurrak eta gabeziak gainditzea ez da nahikoa izango aurrera jarraitzeko. Entrenamenduetan lana egitea ezinbestekoa izateaz gain, lehiakideen arteko proba ikusgarriek ere tarte handia izango dute saio bakoitzean.

Finalera begira, bi hilabete lehenago hutsetik hasi ziren gutxi batzuek nazioarteko lasterketa batean parte hartzeko erronka handia izango dute. Sailkapen onena lortzen duena "menderagaitz" bihurtuko da.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)