Itxi

8. atalaren laburpena

Etxerako bidea hartu du Jontxuk bateratzearen ateetan

Larreak lasterketan izan duen jarrera eskasak bere onetik atera ditu Ismael eta Seleta. Bitartean, armonia eta talde lana, urdinen artean, datorren astean hasiko den bateratze garaiari begira.

Jontxu izan da etxerako bidea hartu duen lehiakide berria eta guztia Larrearen erruz, Ismaelek eta Seletak aurpegiratu dioten moduan.

Bi taldeen arteko desafioa Tarragonako Els Pallaresos herrian egin dute: 10 kilometro lasterka eta 80 oztopo gaindiezin, eternal running proba emozionantean.

Aurretik, eguzkia, hondartza, giro ona eta algara mordoa, baina ekaitza lehertzear zegoen. Izan ere, berebiziko garrantzia zuen helmugara lehendabizi sartzeak, irabazleek zuzeneko pasea lortu baitute bakarkako lehian hasteko.

Erronka itzela izan da eta zaila aldi berean, bi taldeetan egon delako lasterketako oztopoak baino traba handiagoa: Gorrotxaren gehiegizko pisua talde urdinean eta Larrearen ustezko ahuldadea talde gorrian. Gakoa, beraz, biak ahalik eta ondoen motibatzea, proba lehendabizi amaitzeko.

Ekaitza gorrien taldean lehertu da. Lasterketan hasi eta gutxira, Larrea ezinean hasi da eta hasieran taldekoek gogoz lagundu badute ere, ganoraz eta gogoz jarraitzeko azaldu duen jarrera eskasak gorriak sutu ditu. Ismael eta Seleta, batez ere, bere onetik atera dira. Larrearen ezintasunak Ismaelen alderik ankerrena aterazi du eta hasierako animoak garrasi etsiak izan dira bukaeran. Seleta ere erotzear egon da lezoarrarekin.

Larrea bere burua zuritzen saiatu da, proban guztia eman duela esanez. Ismaelek eta Seletak, aldiz, ez diote inolako sinesgarritasunik eman eta sekulako eztabaida gogorra sortu da hiruen artean.

Bitartean, armonia eta talde lana urdinen artean. Helburua Gorrotxa une oro motibatzea izan da eta bai lortu ere! Alex kapitaina eta Gontzal ondoan izan ditu lasterketa guztian eta une zailak igaro baditu ere, Gorrotxa ez da batere kexatu eta urdinak lehenak izan dira helmugara iristen.

Tarragonatik bueltan, Larrea meniskoan egindako lesio batekin azaldu da denontzat gimnasioara, baina ez du bere taldekideen inolako animorik jaso.

Larrea triste eta etsita dago. Jarraitzeko animorik izango al du?

Informazio gehiago (2)