9. atalaren laburpena
Kanporaketak ustekabean harrapatu du Isma 'Izan Invictus'en
EITB
EITB
Abenturari agur esan dio Arratiakoak, duelua galdu eta gero. Isma ez da saioa utzi duen bakarra, Larreak ere agur esan dio lehiari belauneko minagatik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Arratiako mutila irabazteko asmoarekin iritsi zen 'Izan Invictus'era; are gehiago, Manu Maritxalarren agurra eta gero, kapitain modura egindako ibilbidea ikusita. Baina Loiolako traktorea gainetik pasa zaio dueluan eta, ustekabean, etxera bidali du.
Ismak berak aukeratu du Gontzal duelurako, Nekane alde batera utzita. Erabakia ez da batere erraza izan, biak punta-puntako kirolariak baitira. Gontzalek errepaso ederra eman dio ismari. Agian, soka polean sartzea lortu izan balu, beste duelu bat ikusiko genukeen, baina ez du lortu eta hortxe amaitu da bere abentura banakako lehiaren lehenengo egunean.
Buruz burukoarekin, aitzakiak bukatu eta ustekabeak iritsi dira. Sekulako jipoia eman die desafioan Aiorak Seleta eta Suduperi, bi indartsuei. 15 metroko soka bertikala izan da probaren bukaera. Metro eskas batzuk egiteko gai besterik ez dira izan gizonezko biak; nafarrak, berriz, arin-arin igo du soka bukaeraino, guztiak aho-zabalik utzita.
Hortxe hasi dira Ismaren arazoak. Izan ere, banakako lehiari eutsi eta guztiekin hitz egin beharrean, koloreei eustea erabaki dute bi taldeek eta urdinek bat egin dute Arratiakoaren aurka. Bost boto lauren kontra. Desafioa hasi aurretik, laugarren gorriak, Larreak, agur esan dio lehiari belauneko minagatik. Benetako arrazoia ez du aitortu, baina: Tarragonakoak utzi zion bihotzeko mina.
Oreka apurtu egin da bat-batean eta gorrien aukera bakarra hurrengo desafioan irabaztea edota estrategiaz aldatzea izango da, hori ere legezkoa baita.
Ez galdu 'Izan Invictus', asteazkenetan, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en. Gainera, orain arte emandako atalak EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.