2100etan
"Irabazi Arte!" telesailaren azken atala, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB Media
Fikzioaren lehen denboraldiak izandako audientziaren harrera bikaina ikusita, Learoko nesken futbol taldeko istorioek jarraipena izango dute bigarren denboraldi batean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur gauean, Learo futbol taldeko neskek partida erabakigarria izango dute "Irabazi Arte!" telesailaren denboraldiko azken atalean. Izan ere, norgehiagoka irabazten ez badute, ekipoa desagertuko dela esan diete. Printzesek taldea sortu zuteneko gogo eta energia berreskuratu beharko dute zelaian. Garaipena lortuko dute?
Bestalde, Peiok lan elkarrizketa bat izango du Bartzelonan eta aitonak eta Lilik, aldiz, haserre jarraituko dute. Aitonak ez dio bilobari bere sekretua esango, alegia, bihotzetik oker dabilela. Horrez gain, Arene prest egongo da Joni bere sentimenduak esateko, baina ez du une egokia aurkitzen eta topatuko duenean, okerrago izango da.
ETBko apustu handienetako bat izan da "Irabazi Arte!" euskarazko fikzioa denboraldi honetan eta, gaztetxoei zuzenduta, audientziaren harrera bikaina izan du. Batez beste, % 4,6ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 11,6ko kuota eskuratu ditu telesailak eta 4 eta 12 urteko umeen artean erabateko liderra izan da % 32,4ko audientzia-zatiarekin. Arrakasta ikusita, bigarren denboraldia egingo dute, Learoko nesken istorioari jarraipena emanez.
Telesailak emakumezkoen futbol talde bat hartzen du oinarri eta, protagonisten bitartez, gaur egun gizartean ematen diren askotariko gaiak landu ditu; besteak beste, futbolaren inguruan eta kirolean bizi den giroa, emakumeen ahalduntzea, nerabeen eta gurasoen arteko harremanak, familia eta, oro har, gaur egungo gazteek dituzten erronkak islatu ditu zortzi ataletan zehar.
"Irabazi Arte!", multiplataforma eskaintza zabala
"Irabazi Arte!" telebistatik haratago doan fenomeno transmedia bilakatu da, multiplataforma eduki eskaintza zabalarekin. Ostiraleko atalarekin bat eginez, Arene eta Nora protagonistek fikziotik errealitatera salto egin eta "Irabazi Arte!" podcasta eskaintzen dute astero EITBPodkast atarian, lehen mailako kirol munduko gonbidatuekin. Ostiral honetan, Agurtzane Egiluz saskibaloi jokalari paralinpikoa izango dute gonbidatu.
Bestalde, "Irabazi Arte!" telesailaren unibertsoan girotuta, euskarazko lehen komiki interaktiboa abian jarri du EITBk. Pantailetan scroll eginez, "Irabazi Arte: iraganeko mamua" narratiba berri honetan barrena murgiltzeko aukera izan dute erabiltzaileek bizitasun handiko bineta interaktiboen bidez. Komiki digitala app eran dago eskuragai Android eta iOSen play storeetan.
Telesailaren telebistako emanaldiaz gain, YouTube kanalean eta "Go!azen"en appan ere emititzen da "Irabazi Arte!" eta EITB Nahieranen atal guztiak daude ikusgai. Bestalde, ikus-entzunezkoaren eskaintza digitala borobiltzeko, webean, "Go!azen"en appan eta sare sozialetan (Instagram eta TikTok) telesailaren eduki esklusiboak, aurrerapenak eta jarraitzaileei zuzendutako erronkak daude.
Datorren astetik aurrera, "Mustang Miragarriak"
"Irabazi Arte!" telesaila amaitu eta hurrengo ostiralean "Mustang miragarriak" telesail australiarra izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Fikzio honek ere neska gaztetxoen futbol talde bat hartuko du hizpide, euren ametsak egia bihurtzeko, zelai barruan zein kanpoan gogor borrokatu beharko dutenak.