EITBPodkast
"Irabazi Arte" podcastaren atala zuzenean eskainiko da gaur EITBren YouTubeko kanalean
EITB Media
Jendaurrean egingo dute saioa, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan. Arene eta Norarekin batera, Irene Paredes, Maddi Torre, Lur Errekondo eta Mirua izango dira. Hala, entzuteaz gain, emanaldia ikusteko aukera izango da, streaming bidez, 18:30etik aurrera, YouTuben eta eitb.eus-en.
EITBPodkast plataformako "Irabazi Arte" podcastaren 15. atala jendaurrean egingo da gaur, martxoak 24, eta emanaldia zuzenean ikusteko aukera izango da EITBren YouTubeko kanalean, eta eitb.eus-en 18:30etik aurrera. Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan izango dira Arene eta Nora, ikus-entzuleekin eta gonbidatu bereziekin. Irene Paredes F.C Barcelona taldeko futbolari ezaguna Camp Nou zelaitik sartuko da, eta aretoan bertan izango dira Maddi Torre Realeko jokalaria eta Lur Errekondo harri-jasotzaile eta EITBko aurkezlea. Umorea Alazne Agirrek jarriko du, bere ohiko monologoaren bidez, eta Mirua taldearen musikak girotuko du zuzeneko podcasta.
2022ko otsailean estreinatu zuen EITBPodkast plataformak "Irabazi Arte podkast"a, Arene eta Noraren eskutik. Egungo podcast formatuak ematen dituen aukerak ikusita, fikziotik errealitatera salto egin zuten bi pertsonaiek, erreferente diren euskal emakume kirolariak gonbidatu eta haiekin solasean aritzen dira. Kirola hizpide hartuta, protagonisten eguneroko bizimodua jakin nahi izaten dute, entrenamenduen gogortasuna, lesioei nola aurre egin eta abar. Alabiana, beste hainbat gai ere jorratzen dira: hala nola, gazteen kezkak, musika, eguneroko gaiak, bitxikeriak…
Bi denboraldietan zehar, hainbat kiroletako emakumeak izan dituzte gonbidatu "Irabazi Arte podkast"aren orain arteko ataletan: Nerea Eizagirre, Realeko kapitaina; Maitane Urbieta, Euskadi Irratiko kirol kazetari eta esataria; Nadeth Agirre, Orioko traineruko patroia; Irene Paredes, gaur egun Barçan jokatzen duen futbolari legazpiarra; Uribarri Barrutieta, errugbi jokalaria; Agurtzane Egiluz, saskibaloi egokituko jokalaria; Karmele Gisasola, herri-kirolaria; Garazi Murua, Athleticeko kapitaina; Alba Menendez, eskubaloi jokalaria; Garazi Sanchez, surflaria; Ziortza Isasi txirrindularia; Maialen Oiartzabal, eskiatzaile akrobatikoa; Klara Olazabal, ur bizietako piraguista; eta Amaia Aldai, pilotaria. Aldaik berak jaso zuen Irabazi Arte saria telesailaren bigarren denboraldi honen aurrestreinaldian. Martxoaren 31ko atala izango da bigarren denboraldiko azkena.
"Irabazi Arte podkast"aren atal guztiak entzungai daude EITBPodkast plataforman; eta, gainera, Learoko jokalariek azken asteotan egin dituzten bideopodcastak EITBren YouTubeko kanalean ikusi daitezke.
Horrez gain, KomikiApp aplikazioan "Irabazi Arte" komiki interaktiboa dago irakurgai. Hain zuzen ere, joan den martxoaren 17an, Komikiaren Egunean, argitaratu zen Irabazi Arte: Inor ez da ilegala komikiaren 2. atala.
Telesailaren bigarren denboraldia, ETB1en eta eitb.eus-en
Gaur bertan, baina 22:00etatik aurrera, "Irabazi Arte" telesailaren bigarren denboraldiko zazpigarren eta azken aurreko atala eskainiko da ETB1en eta eitb.eus-en. Bertan, taldeko kapitain izateko Itsaso eta Areneren arteko lehia izango dugu ikusgai, eta Jon eta Areneren arteko harremanak ere zeresana ematen jarraituko du.
Printzesak nesken futbol taldeko kideak protagonista ditu fikzioak eta, lehen denboraldiak bezala, bigarren honek ere harrera bikaina lortu du ikusle gaztetxoen artean.