22:00etan
'Itsasontzi Baten', gaur gauean, Lekeition, Elantxoben eta Ean
A.E. | EiTB
Ibon Gaztañazpi eta Maitena Salinas lau metro eta erdiko olatuen artean ibiliko dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
'Itsasontzi Baten' sorpresaz, emozioz eta akzioz beterik iritsiko da gaur. Ibon Gaztañazpi eta Maitena Salinas lau metro eta erdiko olatuen artean ibiliko dira. Denboraldi osoko itsasorik txarrenarekin egingo dute Lekeitiotik Elantxoberako bidea. Gainera, ontzia gobernatzeko lema puskatu egingo zaie, eta tentsio uneak biziko dituzte.
Dena, baina, ez da seriotasuna izango, eta Lekeitioko San Pedro jaietan ere ibiliko dira. Portuan, jendetzaren eta irrintzien artean, Kaxarranka dantza ezagunaren eta Kilin-kalaren lekuko izango dira. Ea aurtengoan ez zaien santua uretara erortzen...
Portuan, aletak eta betaurrekoak jantzi, eta 'Pilartxo' belaontziaren azpialdea garbitzeko ere aprobetxatuko dute. Horrez gain, Garraitz kirol taldekoekin ibiliko da igerian Ibon, eta Moisesekin arroketatik saltoka ibiliko dira Elantxoben.
Euskal Herriko zinga txapeldunarekin topo egingo dute Elantxobeko portuan, eta arraun bakarrarekin lasterketa egingo dute, ea nork irabazi. Nor iritsiko ote da lehenengo: Ibon edo Maitena?
Amaitzeko, Ea inguruan coastering-a egiten duten gazte batzuekin izango dira. Itsasertza zeharkatuko dute arrokatik arrokara saltoka. Eta eguna bikain amaitzeko, ilunabarrarekin batera, The Riff Truckers taldearen musikarekin kantuan ibiliko dira portuko txiringitoan.
Hau guztia, eta askoz gehiago, gaur, 22:00etan, eitb.eus-en eta ETB1en.