22:00etan
Amaiurko gazteluaren historia Jon Maiarekin, gaur, "Itxi Liburuak" saioan
EiTB
Jon Maia bertsolariak Amaiurko gazteluak utzi dizkigun arrastoak ezagutuko ditu, Gaizka Aranguren aurkezlearen laguntzarekin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur gauean, "Itxi Liburuak" saioan, Jon Maia bertsolaria irakasle lanetan jarriko dute, Amaiurko gazteluaren historia modu original batean konta dezan.
Gaizka Aranguren historia dibulgatzaileak lagunduta, Amaiurko gazteluak utzi dizkigun arrastoak ezagutuko ditu Maiak: bertan topatutako Inkreibli ezpata, besteak beste. Aranzadiko arkeologoen laguntzaz, aurkikuntza batek eragiten dituen sentipenak lehen pertsonan bizitzeko aukera izango du.
Arangurenez gain, beste hainbat adituk lagunduko diote Maiari erronkari aurre egiten; Ixabel Aleman Amaiurko bizilagunak, Joseba Asiron historialariak, eta Mikel Legorburu eta Mattin Aiestaran Aranzadiko kideek, besteak beste.
Bidean ikasitako guztia unibertsitateko ikasleei azaldu beharko die gero. Baina ez da nahikoa izango ikasitakoa hitzez hitz errepikatzea. Bere bizipenetatik abiatuta eta modu original batean azaldu beharko du dena, ikasleen arreta bereganatu nahi badu. Lortuko al du?
Euskal Herriaren historia ikasteko modu desberdin bat, ostegunero
Laugarren atala izango da ostegun honetakoa. Astero, pertsona ezagun bat ikusiko dugu ikaslez betetako ikasgela batean historia klase bat ematen. Aldez aurretik, ordea, egokitu zaion gaiari buruzko azalpen eta ariketa praktikoak jasoko ditu, Gaizka Aranguren historia dibulgatzaileak lagunduta.
"Itxi Liburuak" ostegunero izaten da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.