22:00etan
Erromatarren garaian murgilduko da Jon Salsamendi, gaur, "Itxi liburuak" saioan
EiTB
Gaizka Arangurenen laguntzarekin, erromatarren aztarnak ezagutuko ditu Orioko arraun taldeko entrenatzaileak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur gauean, Jon Salsamendi Orioko arraun taldeko entrenatzailea izango da "Itxi Liburuak" saioko protagonista. Gaizka Aranguren historia dibulgatzailea lagun duela, Euskal Herrian erromatarrek utzitako aztarnak ezagutuko ditu Salsamendik: Andelos erromatar hiria, Arditurri meategia, Oiasso museoa eta garai hartako aisialdia edota elikagaien inguruko informazioa jasoko du, besteak beste.
Mertxe Urteaga arkeologoa, Itsaso Aritzeta Arditurriko gida, Katrin Setuain Guiarteko gida eta Juanjo Jimenez Oiasso museoko zuzendaria izango ditu lagun Salsamendik erromatarren garaira egingo duen bidaia honetan.
Ikasitako guztia, gainera, unibertsitateko ikasleei azaldu beharko die gero. Baina irakasle bezala, bere bizipenetatik abiatuta eta modu original batean azaldu beharko die nolakoa izan zen erromatarren garaia Euskal Herrian.
Euskal Herriaren historia ikasteko modu desberdin bat, ostegunero
Bosgarren atala izango da ostegun honetakoa. Astero, pertsona ezagun bat ikusten dugu ikaslez betetako ikasgela batean historia klase bat ematen. Aldez aurretik, ordea, egokitu zaion historia gaiari buruzko azalpen eta ariketa praktikoak jasotzen ditu, Gaizka Aranguren historia dibulgatzaileak lagunduta. Aurreko asteetan, Jon Maiak Amaiurko Gazteluaren historia azaldu zuen.
"Itxi Liburuak" ostegunero izaten da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.