22:00etan
Aitzol Atutxa eta San Kristobalgo ihesa, gaur gauean, "Itxi Liburuak" saioan
EiTB
1938an, Ezkaba mendiko San Kristobal espetxetik ihes egin zuten 795 presoen istorioa gogoratuko du gonbidatuak, Gaizka Aranguren aurkezlearen laguntzarekin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
"Itxi Liburuak" saioak Aitzol Atutxa aizkolaria izango du gonbidatu gaur gauean, eta San Kristobalgo ihesa gogoratuko dute berarekin. 1938an, Iruñea kanpoaldeko Ezkaba mendiaren gailurrean dagoen San Kristobal gotorlekutik 795 presok egindako ihesaldiaren nondik norakoak aztertuko ditu aizkolariak, Gaizka Aranguren historia dibulgatzailea lagun duela.
Arangurenez gain, beste hainbat aditu egongo dira Atutxari laguntzen: Koldo Pla historialaria, Lourdes Herrasti Aranzadiko kidea, Benan Oregi (ihesaldian parte hartu zuen preso baten senidea) eta Pilar (presoak bisitatzera joaten zen haurra).
Ondoren, bidean ikasitako guztia unibertsitateko ikasleei azaldu beharko die. Bere bizipenetatik abiatuta eta modu original batean azaldu beharko du Atutxak Ezkaban gertatutakoa, ikasleen arreta bereganatzeko.
Historia ikasteko beste modu bat, ostegunero
Zazpigarren atala izango da ostegun honetakoa. Astero, pertsona ezagun bat ikusiko dugu ikaslez betetako ikasgela batean historia klase bat ematen. Aldez aurretik, ordea, egokitu zaion historia gaiari buruzko azalpen eta ariketa praktikoak jasoko ditu, Gaizka Aranguren historia dibulgatzaileak lagunduta. Aurreko asteetan, Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek Orreagako bataila azaldu zuen.
"Itxi Liburuak" ostegunero izaten da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.