22:30ean
Ramon Agirre eta Karlistadak, gaur gauean, "Itxi Liburuak" saioaren atal berrian
EiTB
Gaizka Arangurenek lagunduta, hiru karlista ospetsuren pasadizoak ezagutuko ditu gonbidatuak: Tomas Zumalakarregi, Manuel Santa Kruz eta Jose Maria Iparragirre.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur, 22:30ean, Karlistadak izango dira "Itxi Liburuak" saioaren ikasgai berria. Ramon Agirre aktorea irakasle lanetan jarriko dute, gaia modu ezberdin eta entretenigarri batean konta dezan.
Gaizka Aranguren historia dibulgatzaileak lagunduta, gaia lantzeko, bai Karlistaldietan eta bai gerora zeresan handia eman zuten hiru karlista ospetsuren pasadizoak ezagutuko ditu gonbidatuak: Tomas Zumalakarregi, Manuel Santa Kruz eta Jose Maria Iparragirre.
Arangurenen laguntzarekin ez ezik, beste hainbat adituren laguntzarekin ekingo dio bide eta erronka berri horri Agirrek. Tartean izango dira Mikel Alberdi Zumalakarregi museoko dokumentazio arduraduna, Maialen Fidalgo Urretxuko Udaleko zinegotzia, Beñat Iturriotz zinemagilea, eta Eider Arruti eta Jon Kortazar historialariak.
Bide horretan ikasitako guztia unibertsitateko ikasleei azaldu beharko die gero, baina ez edonola. Aktuaziorako duen gaitasunaz eta esperientziaz baliatuko da Ramon ikasleen arreta bereganatzeko.
Euskal Herriaren historia ikasteko modu desberdin bat, ostegunero
Bederatzigarren atala izango da ostegun honetakoa. Astero, pertsona ezagun bat ikusiko dugu ikaslez betetako ikasgela batean historia klase bat ematen. Aldez aurretik, ordea, egokitu zaion historia gaiari buruzko azalpen eta ariketa praktikoak jasoko ditu, Gaizka Aranguren historia dibulgatzaileak lagunduta. Joan den astean, Ainhoa Etxaidek Zugarramurdiko sorginen gaia azaldu behar izan zuen, eta ederki erantzun zion erronkari.
"Itxi Liburuak" ostegunero dago ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.