Kantu lehiaketa
'Izarrak Kalean' saioan parte hartu nahi?
EiTB
Azken orduetako arrakastaren ondoren, bideoak eitb.com-era igotzeko epea luzatu dugu, nahi duten guztiek aukera izan dezaten. Abeslarien bila dabil ETB1n udan emitituko den saio hau.
Azken orduetan, bideo pila iritsi dira 'Izarrak Kalean' ETB1eko saio berriaren casting-era. Hori ikusita, bideoak bidaltzeko aukera zabalik uztea erabaki da, nahi duten guztiek bideoa igotzeko aukera izan dezaten. Abeslariak, ongi abesten dakien jendea eta lotsarik ez duela, bilatzen dute udan emango den saio honetarako honetarako.
Lehiaketa honetan parte hartzeko abesten agertzen ari zaren bideo bat igo behar da eitb.com-en saioak daukan webgunera eta bertan eskatzen diren datuak bete ere bai. Beraz, abestea gustuko baduzu, jendaurrean abesteko arazorik ez baduzu eta 14 urte baino gehiago badituzu, saio hau izan daiteke zure aukera!
Nolako bideoa
Eitb.com-era igoko duzun bideo horretan abesten agertu beharko duzu, noski. Horren aurretik, ordea, zure burua aurkeztea eskertuko genizuke. Hainbat segundutan zure izen-abizenak, herria eta adina esateaz gainera, konta iezaguzu zergatik aukeratu behar zaitugun, ze musika mota gogoko duzun eta, aukeratua izango bazina, lehiaketan abestu ditzakezun bost abesti proposatu itzazu (horietako bi euskaraz).
Binaka ere parte hartu dezakezue. Horretarako, grabatuko duzuen bideoan, bi parte-hartzaileok aurkeztu beharko duzue zuen burua, gutxienez, bakoitzaren izen-abizenak herria eta adina zein diren esanez.
Bestalde, zure ahotsa ongi entzungo den lekuren batean eta irudia horizontalean grabatzea ere eskertuko ditugu. Eitb.com-era formatu hauetan dauden bideoak igo daitezke: .mov, .mpeg4, .avi, .wmv, .mpeg, .flv, 3gpp eta webm.
Lehiakidearen laguntzailea
Lehiaketa honetan lehiakidearen laguntzaileek garrantzia berezia izango dute. Internet bidezko casting-era bideoa bidali ondoren, lehiakideak berak ez du jakingo aukeratua izan denik, harik eta kamerak bere etxean, ikasketa-zentroan edo lantokian agertzen diren arte. Aurretiazko kontaktu guztia laguntzailearekin egingo du 'Izarrak kalean' saioko lantaldeak. Hori dela eta garrantzitsua da laguntzailearen izen-abizenak eta telefono zenbakia zuzen jartzea bideoa igotzeko momentuan.
Konfirmazio e-posta
Webgunera bideoa igo eta hurrengo lan-egunean, bideoa ongi jaso dela eta saioa prestatzen ari den lantaldeari bidali zaiola esaten duen e-posta bat jasoko dute bidaltzaile guztiek. Lan-egun hori pasa eta mezurik jaso ez baduzu, idatzi ezazu mesedez 'Izarrak kalean' saioaren e-posta helbidera, zure arazoa azalduz. Edozein zalantza izanez gero ere, bertara zuzendu zaitezkete.