Estreinaldia
'Stars. Izarrak Kalean' musika lehiaketa berria, gaur gauean, ETB1en
Maria Amolategik eta Haritz Letek gidatuko duten saioa gaur estreinatuko da, ETB1en. Kaleko jendeak erabakiko du nor izango den saioko irabazlea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
'Stars. Izarrak Kalean' talent show berria estreinatuko du Euskal Telebistak gaur, 22:15ean, ETB1en. Haritz Lete eta Maria Amolategi gazteek aurkeztuko dute lehiaketa, eta artistak kalean kantari jarriko dituzte.
Pausokak eta ETBk elkarlanean ekoitzi duten saio honetan parte hartzeko, abeslariek aurkezpen bideoa bidali behar izan dute. Lehen edizio honetan, 80 lan baino gehiago jaso ditu programak. Lehiaketan parte hartu nahi izan duten adin eta estilo anitzetako kantarien artean, 16 lagun aukeratu ditu saioak.
Aitor Arangurenek zuzenduko du 'Stars. Izarrak Kalean' saioa. Atal bakoitzean, lau lehiakide ezagutuko ditugu Maria Amolategi aurkezlearen eskutik; berak jakinaraziko die aukeratu dituztela. Mariaren bisita jaso ostean, ordubete izango du lehiakide bakoitzak bere ikuskizuna prestatzeko. Kalean abestuko dute, baina zehatz-mehatz ez dute jakingo non. Gainera, lagun eta senitartekoekin hitz egin ez dezaten, Mariak sakelako telefonoa eskatuko die.
Atal bakoitzeko lau lehiakideak elkarren aurka arituko dira bi finalerdietan. Kaleko txoko berezi batean Haritz Lete aurkezlea izango dute zain. Bi txandetako irabazleek nor baino nor gehiago egingo dute finalean. Kaleko jende anonimoak egingo du epaile lana. Publikoak txanponak botako dizkie lehiakideei, eta diru gehien eskuratzen duenak egingo du aurrera. Kaleko jendeak erabakiko du beti nork irabaziko duen lehia bakoitza.
'Stars. Izarrak kalean' saioaren atal bakoitza hiri edo herri batean egingo da (Donostia, Iruñea, Hondarribia eta Bilbo). Bosgarren atalean, lau finalistak elkarren aurka arituko dira, eta final nagusian gailentzen den abeslariak 1.000 euroko saria eskuratuko du.
'Stars. Izarrak Kalean' Pausoka ekoiztetxearen formatu originala da, eta Warner Bros. etxeak Cannesen antolatzen duen MIPFORMATS jardunaldiaren azken edizioan bost formatu onenen artean egon zen. ETB izango da formatu hori pantaila txikira eramaten lehena, baina dagoeneko Ameriketako Estatu Batuetako eta Turkiako banatzaileen artean ere zabaldu da.
Haritz Lete eta Maria Amolategi
Haritz Lete eta Maria Amolategi aurkezleek musika munduarekin harreman estua dute. Haritz Lete 35 urteko eibartarra musikazale amorratua da. Musikari lotutako beste programa bat aurkeztu zuen ETBn: 'Gaztea Live'.
Maria Amolategi, berriz, musika mundutik dator. 27 urte ditu eta beasaindarra da. Sugan taldeko kantaria izan zen, eta 'La Voz' telebista-saioan parte hartu zuen.