Itxi

'Stars. Izarrak Kalean'

Leire Badiola, lehen saioko ahots onena

L.A.

EITB

Mutrikuarrak Amaia Ribas izan du aurkari lehen finalerdian. Finalean, ordea, Eli eta Daniel bikotea izan ditu aurrez aurre. Pink abeslariaren 'Try' kanta abestu du finalean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Leire Badiola 22 urteko mutrikuarra izan da Euskal Telebistak ostegunean estreinatu duen 'Stars. Izarrak Kalean' talent show berriaren lehen saioko irabazlea. Ama eta aitona-amonak abesbatzetan ibilitakoak ditu Leirek, eta etxetik datorkio musikarako zaletasuna. 8 urterekin pianoa eta saxofoia jotzen zituen.

Lehen finalerdia

Hondarribiko San Pedro kalea izan da Leireren emankizunaren agertokia, eta Amaia Ribas bilbotarra izan du aurkari lehen saio honetako lehen finalerdian. Amaia Ribas izan da lehena abesten, eta Zea Mays taldearen "Negua joan da ta" kanta aukeratu du. Jarabe de Palo taldearen "La flaca" kantua abestu du Leirek.

Bi emankizunak bukatuta, publikoak bota dituen txanponak zenbatu ditu Haritz Letek aurkezleak. Amaiak 17,54 euro irabazi ditu, eta Leirek 25,48 euro. Beraz, Leire Badiola mutrikuarra izan da lehen finalerdiko irabazlea.

Bigarren finalerdia

Bigarren finalerdian, Eli eta Dani lagunek Iñaki eta Garazi osaba-ilobak izan dituzte aurrez aurre. Simon & Garfunkel bikotearen "The Sound of Silence" kantua abestu dute Eli Huegunek eta Daniel Gimenezek. Iñaki Zalakainek eta Garazi Egigurenek Zaz frantziarraren "Je Veux" abestiaren bertsioa egin dute. Lehen bikoteak 39,41 euro eskuratu ditu, eta osaba-ilobek, berriz, 15,45 euro. Beraz, Eli eta Dani izan dira bigarren finalerdiko irabazleak.

Lehen saioko finala

Eli eta Dani bikotea eta Leire Badiola lehiatu dira lehen saioko finalean. Carrie Underwood & Brad Paisleyren "Make the world go away" abestiaren bertsioa aukeratu dute Eli Huegunek eta Daniel Gimenezek finalerako. Pink bakarlariaren "Try" kantua abestu du Leire Badiolak. Txanponak zenbatzeko ordua. Leire Badiolak (26,34 euro) Elik eta Danik (25,28 euro) baino txanpon gehiago eskuratu ditu. Beraz, Leire Badiola mutrikuarra izan da lehen saioko irabazlea, eta 'Stars. Izarrak Kalean' lehiaketaren final handirako txartela eskuratu du.

Bideoak (5)

Informazio gehiago (1)