'Stars. Izarrak Kalean'
Sasha Smith eta Pablo Zufiaurre, bigarren saioko irabazleak
L.A.
EITB
Donostiako bikoteak Izaro Andres izan du aurkari lehen finalerdian. Finalean, berriz, Goretti Abaunz izan dute aurrez aurre. Passenger abeslariaren "Let her go" kanta abestu dute finalean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Sasha Smith eta Pablo Zufiaurre Donostiako gazteek osatutako bikotea izan da 'Stars. Izarrak Kalean' talent show musika lehiaketaren bigarren saioko irabazlea. Sashak 21 urte ditu, eta Donostian jaio da, baina gurasoak britainiarrak ditu. Pablok 20 urte ditu. Musikaz bizi nahi dute biek.
Lehen finalerdia
Donostiako Cervantes plaza jendetsua izan da lehen finalerdiko emankizunen agertokia, eta Sasha Smith eta Pablo Zufiaurrek Izaro Andres izan dute aurkari. Mallabiarra izan da lehena abesten. Ella Fitzgerald jazz abeslariaren "Puttin' On The Ritz" blus kantaren bertsioa egin du. Ondoren, Jason Mraz bakarlari estatubatuarraren "I'm Yours" abestia bertsionatu dute Sasha Smithek eta Pablo Zufiaurrek.
Bi emankizunak bukatuta, publikoak bota dituen txanponak zenbatu ditu Haritz Lete aurkezleak. Izarok 19,26 euro jaso ditu, eta Sasha Smith eta Pablo Zufiaurrek, berriz, 49,21 euro. Beraz, Donostiako bikotea izan da lehen finalerdiko irabazlea.
Bigarren finalerdia
Bigarren finalerdian, Agurtzane Egizalak eta Elena Vazquezek osatutako adineko bikoteak Goretti Abaunz gaztea izan dute aurrez aurre. Lehenik, Hesian taldearen "Noiz itzuliko zara" kantua abestu du Gorettik. Tapia eta Leturia euskal taldearen "Maitatzen zaitudalako" abestia aukeratu dute Agurtzanek eta Elenak. Gazte oñatiarrak 66,70 euro lortu ditu, eta donostiar emakumeek, berriz, 5,52 baino ez. Beraz, Goretti izan da bigarren finalerdiko irabazlea.
Bigarren saioko finala
Sasha Smithek eta Pablo Zufiaurrek osatutako bikotea eta Goretti Abaunz lehiatu dira bigarren saio honetako finalean. Radiohead rock talde britainiarraren "Creep" abestiaren bertsioa kantatu du Gorettik finalean. Passenger bakarlari ingelesaren "Let her go" kantua abestu dute Sasha Smithek eta Pablo Zufiaurrek. Bi kontzertuak bukatuta, Haritz Letek txanponak zenbatu ditu. Goretti Abaunzek (63,25 euro) Sashak eta Pablok (98,03 euro) baino diru gutxiago eskuratu du. Beraz, Sasha Smith eta Pablo Zufiaurre izan dira bigarren saioko irabazleak, eta 'Stars. Izarrak Kalean' lehiaketaren final handirako txartela eskuratu dute.