Ahotsen lehiaketa
'Stars. Izarrak Kalean' lehiaketa Bilbon izango da gaur gauean
Lau lehiakidek ordubete izango dute euren ikuskizuna prestatzeko, eta kaleko jendeak erabakiko du zein den horien arteko abeslaririk onena.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur gauean, 'Stars. Izarrak Kalean' saioa Bilboko kaleetan ibiliko da. Lau lehiakide berri nor baino nor gehiago arituko dira final handiaren aurreko azken saioan, 22:15ean hasita, ETB1en.
Maria Amolategik sorpresa eman ondoren, ordubete izango dute lehiakideek euren kantaldiak prestatzeko. Ostegun honetako lehen neurketan, Maialen Gurbindo (20 urte) eta Gorka Cía (20 urte) iruindarrek osatutako bikoteak eta Dounia Zulati (20 urte) iruindarrak neurtuko dituzte indarrak. Bigarren kanporaketan, aldiz, Jonatan Yélamos (15 urte) bilbotarra eta Nagore Fernandez (35 urte) errenteriarra arituko dira aurrez aurre.
Nork abestuko du ongien? Nor gustatuko zaie gehien Bilboko kaleetan horiek ikusteko aukera dutenei? Izan ere, kaleak erabakitzen du nor den ahotsik onena, artista baten edo bestearen kutxara txanponak botata. Diru gehien biltzen duen lehiakideak irabaziko du norgehiagoka.
Haritz Letek gidatzen dituen kanporaketetan irabazle ateratzen direnek saioko finalean hartuko dute parte, eta bertatik irtengo da eguneko garailea. Honek hurrengo astean ikusiko dugun azken finalean parte hartuko du 'Stars. Izarrak Kalean' saioko irabazle izateko. Aurreko asteetan, Leire Badiola mutrikuarra, Sasha Smith eta Pablo Zufiaurre donostiarrak eta Leire Onsalo elizondoarra sailkatu dira finalerako.
'Stars, Izarrak kalean' gaur gauean izango da ikusgi, 22:15ean, ETB1n.