STARS. IZARRAK KALEAN
Sara Alonso izan da azken saioko irabazlea, Zarautzen
EITB.EUS
EITB
Urduritasunak abestiaren letra ahaztea eragin dion arren, aurrera egin eta irabaztea lortu du aramaioarrak.
Zarautzen izan dira Maria Amolategi eta Alex Sardui aste honetan, 'Stars. Izarrak Kalean' saioko azken saioan. Euren talentua erakusteko irrikan dauden bost abeslari ezagutu ditugu oraingoan: Sara Alonso, Itsaso Iregi, Sofia eta Nuria eta Mikel Toledo.
Lehen finalerdia
Sara Alonso aramaioarra izan du aurkari Itsaso Iregik lehen finalerdian. Maluren 'Blanco y Negro' kantua abestu du Sarak, eta Zea Maysen 'Negua joan da ta' kantua aukeratu du Itsasok. Urduritasunak eraginda, Itsasok abestiaren zati handi bat ahaztu du.
Bi emankizunak bukatuta, publikoak bota dituen txanponak zenbatu dituzte Alex Sarduik eta Maria Amolategik. Sarak 15,06 euro lortu ditu, eta Itsasok, 14,65. Beraz, nahiko parekatuta egon diren arren, Sara Alonso izan da lehen finalerdiko irabazlea.
Bigarren finalerdia
Bigarren finalerdian, Sofiak eta Nuriak osatutako bikotea eta Mikel Toledo izan dira taula gainean, nor baino nor gehiago. Bikoteak Bruno Marsen 'Talking to the Moon' abestia aukeratu du, eta Hesianen 'Noiz itzuliko zara', berriz, bakarlariak.
Txanponak zenbatzeko ordua iritsi denean, eztabaidaezina izan da ikus-entzuleen iritzia: 9,18 euro eman dizkiote Mikeli, eta 4,31 euro, Sofia eta Nuriari. Honenbestez, gasteiztarra izan da bigarren finalerdiko irabazlea.
Finala
Mikel Toledo eta Sara Alonso lehiatu dira saio honetako finalean. Bastilleren 'Pompeii' abestia aukeratu du Mikelek finalerako, eta Bruno Marsen 'Marry You' kanta abestu du Sarak. Ikuskizun ederra eskaini dute biek, baina Mikelek (6,52 euro) baino diru gehiago eskuratu du Sarak (23,85). Beraz, Sara Alonso aramaioarra izan da Zarauzko irabazlea, eta berak eskuratu du 'Stars. Izarrak Kalean' lehiaketaren final handirako txartela.