Itxi

Web lehiaketan

Nahia Martinez, ikus-entzuleen faboritoa, 'Izarrak Kalean' lehiaketan

Beasaindarrak jaso ditu boto gehien eitb.eus-en egindako bozketan, eta bera da webguneko erabiltzaileen kantari gustukoena. Gaztea Irratiak 1.000 euroko saria emango dio.

Nahia Martinez da ikus-entzuleen gustukoena, faboritoa, Beasaingo gazteak jaso baititu boto gehien azken bozketan, finalean, 'Izarrak Kalean' saioko webgunean egindako bozketan.

Webguneko erabiltzaileek astero bozkatu ahal izan dute, 'Izarrak Kalean' saioan aste horretan parte hartu duten lau lagunen artean faboritoa aukeratu ahal izateko. Horrela, aste bakoitzeko bozkatuenekin, denetan faboritoa nor den aukeratzeko bozketa egin da aste honetan.

Beasaingo Nahia Martinezek eskuratu ditu boto gehien; 786, hain zuzen. Gasteizko saioan ikusi genuen lehen aldiz 15 urteko gazte hau, uztailaren 19an. Alex Sarduik aukeratu zuen programara iritsitako casting guztietatik, eta Pasengerren 'Let her go' eta Ken Zazpiren 'Itsasoa gara' abestu zituen bere teklatuaren aurrean eserita.

Donostian egindako azken saioan, berriz, Gatiburen 'Euritan dantzan' abestiaren bertsioa egin zuen, eta finalera iritsi zen. Sara Alonso izan zuen aurkari bertan, eta azkenean garaipenik lortu ez bazuen ere, berak eskuratu ditu boto gehien webguneko erabiltzaileen artean.

Marta Legarra gelditu da bigarren postuan, 550 botorekin, eta Iñaki eta Claudiak osatutako bikotea geratu da hirugarren, 124 botorekin.

Gaur goizean, Gaztea Irratiko 'Dida' irratsaioan ere jakinarazi dute irabazlearen berri. 1.000 euroko saria jasoko du Nahiak Gaztearen eskutik.

Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)