Kirolak
Winter Series zesta txapelketaren final handia, eguerdian, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB Media
Astelehenean, 'Jai Alai: Azken hegaldia' dokumentalaren azken atalak txapelketak Euskal Herrian zabaldu duen olatu itxaropentsua jorratuko du. Bestalde, EITBk Zestalari Onenari Saria banatuko du igandeko partidaren ondoren.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Astelehenero ETB1 zestaren txoko bilakatu duen Jai Alai Winter Series txapelketaren final handia eskainiko da igande eguerdian, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en. 12:00etan hasita, Goikoetxea-Aimar eta Erkiaga-Zabala bikoteak arituko dira nor baino nor gehiago. Ohiko lantaldeak emango du partidaren berri Gernikako Jai Alai frontoitik: Xabier Euzkitze eta Olatz Foruria kazetariek, eta Antxon eta Rikardo Alberdi pilotari eta zesta adituek.
Zesta emanaldiko esatari taldea
Halaber, txapelketaren lehen edizioko final handi horretan EITBk Zestalari Onenari Saria banatuko du. EITB hasieratik izan da proiektuaren sustatzaile eta zesta puntan ari diren pilotarien lana ere gailendu nahi izan du Estatu Batuak utzi eta Euskal Herrian hasitako etapa berri honetan.
Winter series txapelketak Euskal Herrian zabaldu duen olatu itxaropentsuaren inguruan, astelehenean
Astelehenean, Jai Alai: Azken hegaldia dokumental saioaren hirugarren eta azken atala eskainiko da ETB1en eta eitb.eus. Aurrekoetan Miamiko Daniako frontoia ixteak euskal pilotaren historian inflexio puntua izan zela ikusi genuen. Orain, berriz, Jai Alaia Winter Series txapelketak Euskal Herriko zesta puntan ekarri duen itxaropen olatuaren isla izango da dokumentala. Astelehen gauero Gernikako frontoia aurreikuspen guztien kontra beteta ikusi dugu. Zesta puntaren bizkunde hau txapelketan zehar ikusi duten protagonista eta eragileen iritziak bilduko ditu saioak: zestalari eta zestalari ohi, antolatzaile, babesle, EITBko arduradun eta hedabide berezitu, besteak beste.
Gernika-Lumako Jai Alai pilotalekua
Jai Alai: Azken hegaldia-ren azken atala 22:30ean eskainiko da ETB1en eta eitb.eus-en astelehenean.