Itxi

22:30ean

Galdera lizunak, barretxoak eta dantzak, gaur gauean, "Jateko Modukoa" saioan

EITB Media

Leer en Castellano

Stripteasea, sexuari buruzko elkarrizketak eta saltsa emango duten hiru sukaldari izango dira gaurko saioaren protagonistak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaurko "Jateko Modukoa" saioa umorez beterikoa izango da. Igorretik datorren Alaitz, Laura donostiarra eta Aintzane getxoztarra izango dira Ekain gonbidatuarentzat kozinatuko duten sukaldariak. Menu osoa dastatzeaz gain, basauriarrak hiru neskak hobeto ezagutzeko hitzordu pikanteak izango ditu.

Mutil lasaia eta oso kirolaria da Ekain. Basauriarra bananduta dago, eta bere sei urteko semea da aste honetako protagonistaren lehentasun handiena. Bizitzarako bidelaguna izan daitekeen neska baten bila etorri da "Jateko Modukoa" saiora, eta bere ametsetako plana, mendian, zuhaitz baten azpian, ezkontzea da. Lauraren helburua ere ezkontzea da, Elizatik, gainera. Alaitzek eta Aintzanek zerbait informalagoa izan nahiko lukete, baina edozer gerta daiteke "Jateko Modukoa"n.

Ekainek ez die lan erraza jarriko sukaldariei: kirolaria izanik, lehen errezetarako, dieta egokia mantentzeko moduko platera aukeratu du. Bigarrenerako, aldiz, haragia kozinatu beharko dute. Pista hori emango die gonbidatuak, baina zein haragi mota? Sukaldariek aurre egin beharko diete zailtasunei; izan ere, errezetarik gabe aritu beharko dira.

Hitzorduetan joko pikanteak izango dituzte, eta sukaldariek Ekain hobeto ezagutzeko baliatuko dute gonbidatuarekin bakarka duten denbora. Stripteasea egongo da Alaitzekin duen hitzorduan, Aintzanek abdominalak ukituko dizkio, eta Laurarekin, sexu harremanei buruzko elkarrizketa bero bat izango du gonbidatuak.

Behin betiko erabakia hartzeko azken pausoa postrea izango da, eta sukaldariek euren errezetarik onenak ekarriko dituzte etxetik. Dastaketa baino lehen, neskek aukera izango dute gonbidatua limurtzen saiatzeko, azken hitz batzuen bidez.

Ekainek plater bakoitza nork prestatu duen jakin gabe probatu eta ebaluatu beharko du dena. Amaieran, jatekoa prestatu duten hiru sukaldarien artean, jakirik gustukoenak prestatzea lortu duena hobeto ezagutzeko aukera izango du, afari erromantiko batean. Bertan, biek jakingo dute ea Ekaineri gehien gustatu zaion sukaldaria izan den jateko moduko plater gehien prestatu dizkiona. Bat egingo dute, ala beste bat izango da janariaren bidez gonbidatua konkistatzea lortuko duena?

"Jateko Modukoa" ostegunetan izaten da ikusgai 22:30etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)