22:30ean
La Navalen gainbehera izango du aztergai, gaur gauean, 'Katebegia' saioak
EiTB
Irati Sarasuak aurkeztutako saioak Naval ontziola historikoaren egoera aztertuko du. Horretarako, bertako langileekin egoera eta kezkak jasoko dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Sestaoko La Naval ontziola, Estatuko handiena izan dena, azken txanpan sartu da. Iragan oparoa izan du, itsasontzi handienak egin ditu, baina berehala inbertsorerik aurkitu ezean, ontziola historikoak ateak itxi beharko ditu betiko. 'Katebegia' saioaren gaurko atalak gehiago jakin nahi izan du fabrikaren inguruan.
La Naval eta inguruko lantegi historikoak ezagutu gabe, ordea, zaila da Ezkerraldea ulertzea. 1960 eta 1970eko hamarkadetan Sestaoko eta oro har Ezkerraldeko populazioak nabarmen egin zuen gora.
1980ko hamarkadan, Sestaok 42.000 biztanle zituen; orain, 28.000. La Navalen langileen bilakaerak ere, ezinbestean, beheranzko joera izan du. Milaka izatetik, egun, 200 baino gutxiago izatera igaro dira. Gora egin duen elementu bakarra izan da langabezia. Adituen hitzetan, La Naval enpresak ateak itxiz gero, langabezia tasa %22,5era iritsi daiteke, historiako zifrarik altuena.
Irati Sarasuak zuzendutako saioan, Xabi Garai, Carmelo Miguel eta Alberto Vazquez langileen egoera eta kezkak jasoko dira. Lanean jarraitzeko aukera duten langileei Ferrolen, Cadizen eta Cartagenan dituen ontzioletan eskaini die lana Navantiak.
Mamariga auzoko txoko batean aurkitu dituen langile ohiek penaz begiratzen diote berrogeitaka urtez beren lantokia izan den ontziolaren gainbeherari, nahiz eta onartu La Naval langile borrokaren sorlekua izan dela. Irati Sarasuak lan gatazka lehen pertsonan biziko du, Barakaldon langileek egindako manifestazioan parte hartuko du eta.
2006an pribatizatu zutenetik, enbata batean bizi izan da Sestaoko ontziola. Asiako ontziolen lehia gogorrari, Europar Batasunak Estatuko ontziolen finantziazioa zalantzan jarrai izana batu zitzaion. Xabier Barrutia EHUko ekonomia irakasleak uste du Europak ez dituela bertako ontziolak behar bezala babestu. La Naval bideragarria dela iritzita, diru publikoa galdegin du. Nico Cuenca ekonomialaria ez da iritzi berekoa, ordea. Ontziolaren lehiakortasun falta nabarmentzen du, bai eta akziodunek egindako kudeaketa desegokia ere.
'Katebegia' saioaren Naval: Ezkerraldearen gainbeheraren azken pieza? erreportajea gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.