22:30ean
Santi Brouarden inguruko dokumentala, gaur gauean, 'Katebegia'n
EITB
Santi Brouarden ibilbideaz, izaeraz eta jardun politikoaz arituko dira dokumentalean, eta haren hilketaren momentua eta hilketa hark sortutako erantzuna aztertuko dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Santi Brouarden hilketatik 34 urte igaro direnean, Santi osagai izeneko dokumentala eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-en 'Katebegia' saioaren gaurko atalean. Mediku eta politikari gisa hain ezagun izan zenaren hilketak Euskal Herrian ezagutu den greba orokor handienetako bat eragin zuen. Hura ezagutu zutenak izango dira haren izaera definitzeko dokumental honi hitzak jarriko dizkiotenak.
Dokumentalean, besteak beste, protagonista izango dira haren emazte Teresa Aldamiz; alaba Edurne Brouard; Carlos Garaikoetxea lehendakaria; Xabier Arzallus EBBko presidente ohia; eta Rafa Diez, Arnaldo Otegi, Itziar Aizpurua eta Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak.
Haren alaba Edurnek kontatzen du aitak bazekiela egunen batean hil egingo zutela, eta hala jakinarazi ziela. Bazekiela kontsultan izango zela, baina berak bere ohiko bizitza normaltasunez egiten jarraituko zuela. "Ni jada hilotz nagoenetik jada ez naiz zuena bakarrik izango, eta besteena ere izango naizen neurrian besteek nahi dutena egin beharko dugu", esan zien Brouardek etxekoei.
Brouard 1984ko azaroaren 20an hil zuten, Bilboko Alameda Errekalde kaleko 12.nean zuen pediatria kontsultan. Bederatzi tiroz. 2013an Luis Morcillok esan zuen GALen izenean bera izan zela Brouard hil zuena, eta Espainiako Barne Ministerioari egotzi zion agindu izana.
Haren izaeraz arituko dira dokumentalean, haren gertukoenek. "Planteamendu tinko eta era berean umilak" zituen pertsona gisa definitu dute hainbatek. Ezker abertzalearen sorreran izan zuen garrantziaz eta testuinguru politikoarekiko zuen ikuspegiaz, eta bere jardunak etorkizunean izan duen eraginaz ere hitz egin dute. Eta nola ez, haren hilketaren uneaz beraz, eta hilketa hark sortutako erantzunaz ere bai.
'Katebegia' saioak Santi osagai dokumentala eskainiko du gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.