Itxi

22:30ean

Pablo Ibarren kasua hizpide, gaur gauean, 'Katebegia' saioan

EiTB

Leer en Castellano

Irati Sarasua Floridan izan da Pablo Ibarren auziko aldeak elkarrizketatzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Pablo Ibar errudun jo zuen epaimahaiak urtarrilaren 20an, Floridako Fort Lauderdale hirian egindako epaiketan. Familiak inondik inora espero ez zuen egoerara iritsita, epaimahaia osatzen duten 12 lagunek epaiketaren bigarren fasean erabakiko dute Pablo Ibarrentzako zigorra: bizi osorako kartzela edo heriotza. Testuinguru honetan, 'Katebegia' saioaren lantaldea Floridara joan da, azken erabakiaren bezperetan Pablo Ibarren auziko aldeekin hitz egiteko.

Candido Ibar aitak ez du ahazteko semea guilty edo errudun dela entzun zuen momentua. Ez du ulertzen, epaiketan ikusitakoak ikusita, epaimahaiak nola hartu zuen erabaki hori.

2000. urtetik heriotzaren korridorean egon da Pablo Ibar, Tanya emaztea alboan zuela. Irati Sarasua 'Katebegia' saioko zuzendari eta aurkezleari onartu dionez, askok ez dute ulertzen bere erabakia, baina ez du inoiz zalantzarik izan. Epaimahaiak kontuan hartu ez duen arren, berriro esan du Euskal Telebistako kameren aurrean Ibarri leporatzen dioten hilketa gertatu zen gauean elkarrekin egon zirela.

Gezurretan aritzea leporatu dio Deborah Bowiek, hil zituzten hiru nesketako baten ahizpak. Komunikabide baten aurrean bigarrenez hitz egin du Bowiek, eta argi du Pablo Ibar dela bere ahizparen hiltzailea. Azken epaiketan agertu den DNA frogari eusten dio.

Heriotzaren korridorea oso ondo ezagutzen du Dale S. Recinella konfesoreak. 36 kondenaturen alboan izan da. Bera da azken unera arte kondenatuekin egon ohi den pertsona bakarra. Heriotza-zigorrak, kondenatua ez ezik, familia osoa hondatzen duela nabarmendu du. Heriotza-zigorraren kontra dago, eta exekuzio baten ostean, asteak behar izaten ditu sentitutakoei buelta emateko.

Benjamin Waxman defentsaren abokatuak gogoratu du heriotza-zigorra AEBko estatu batzuetan eta estatu autoritarioetan baino ez dela aplikatzen.

Mikel Reparaz eta Amaia Uribe Pablo Ibarren auzia bertatik bertara jarraitu duten ETBren New Yorkeko bi berriemaileen hausnarketak ere jaso ditu 'Katebegia' saioak.

'Katebegia' gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)