Programazioa ET3n
'Merlí' telesaila, larunbatero ikusgai, ETB3n
EITB
Larunbatero, 'Merlí'ren bi atal eskainiko dira 21:00etan, eta igandero, 'Bago!az' saioaren errepikapena izango da ikusgai 15:30ean.
2019ko martxoaren 2tik aurrera, ETB3k astero 'Merlí' telesailaren bi atal eskainiko ditu 21:00etan. Merlí filosofia irakaslea du telesailak protagonista, eta ikasleak askatasunez pentsatzera bultzatuko ditu, ezohiko irakasbideak erabiliz. Horren metodoek ez dute inor epel utziko, eta aldekoen eta aurkakoen artean banatuko dira ikasle, irakasle eta gurasoak.
Merlí Bergeron umore beltza gustuko duen irakasle ironikoa, kaotikoa, xarmagarria eta alaia da, eta, aldi berean, ingurukoak haserrarazteko dohaina duen gizakume zinikoa. Halabeharrez, Bruno bere semearen institutuan irakasle bihurtuko da. Bien arteko harremana ez da oso ona, baina elkarrekin bizi dira, Brunoren ama Italiara joan delako bikotekide berriarekin.
Telesailaren agertoki nagusia institutua da, eta atal bakoitza filosofo baten ingurukoa izango da. Filosofia irakasle berriak euren adineko arazoetan murgilduta dauden ikasle nerabeei XXI. mendeko Aristotelesen jarraitzaile bihurtzeko gonbidapena egingo die. Inguratzen dituen mundua zalantzan jarri eta hausnarketa sakonak egiteko parada eskainiko die, hain zuzen ere.
'Bago!az', igandetan
ETB3k, gainera, 'Bago!az' saioa eskainiko du igandeetan 15:30etik aurrera. Zuriñe Hidalgok aurkeztutako lehiaketa honetan, gazteek garaipena lortzeko lehian jarraituko dute, eta saria, beste behin, 'Go!azen'en hurrengo denboraldian parte hartzea izango da, Iholdi Beristainek eta Maria Redondok orain arte erdietsi duten bezala.
Ospetsuek laguntzaile moduan egingo dute lan berriro ere, eta musika eta umorea izango dira saioaren ardatz. Hartara, Anjel Alkain, Xabier Saldias, Ylenia Baglietto, Maria Amolategi, Alex Sardui eta Iker Villa izango dituzte lagun lehiakideek.
Baina aurten, berrikuntza garrantzitsu bat dakarte: lehian dauden gazteen lekua hartzeko irrikitan dauden beste hainbeste gazte edukiko dituzte platoan, bere aukeraren zain. Eta joan zen urtean lehiakide izandako Andoni Ollokiegi izango da haien 'babeslea'.