22:30ean
"Munduko Plazan" saio berriaren estreinaldia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB Media
Leire Palaciosek aurkeztuta, beste herrialde batzuen usainak, koloreak eta soinuak gozatzera dator saioa. Toki bakoitzean plazaz plaza ibiltzeaz gain, hainbat bidaia gomendio proposatuko ditu, eta saioaren Instagram kontuaren bidez partekatuko ditu. Istanbulen ekingo diote bidaiari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
"Munduko Plazan" saio berria estreinatuko du ETB1ek gaur gauean. Leire Palacios aurkezleak munduan barrena bidaiatuko du, euskaldunak bisitatzeko aitzakiarekin. Helmuga bakoitzean plazaz plaza ibiltzeaz gain, hainbat bidaia gomendio proposatuko ditu, eta saioaren Instagram kontuaren bidez partekatuko ditu plan horiek.
Hala, pandemiak derrigor ekarri duen mugimendu faltaren ostean, beste herrialde batzuen usainak, koloreak eta soinuak gozatzera dator saio berria. Atal bakoitzean, atzerrian bizi diren euskaldunak izango ditu anfitrioi Leire Palaciosek eta kalerik kale ibiliko da bere gonbidatuek eskaintzen dioten begirada pertsonalagoaz gozatuz. Elkarrizketak, osteratxoak eta bidaia planak sartuko ditu kokteleran, eta musikak ere presentzia oso nabarmena izango du.
Lehen bidaia, Istanbulera
Istanbulen ekin dio Leirek abenturari, Europak eta Asiak bat egiten duten hirian. Han, Imanol Llucia irundarra ezagutuko du. Lagun batek erronka bota ziolako joan zen Turkiara bizitzera, eta hiriko gune nagusiak erakutsiko dizkio: Taksim plazatik Galata zubiraino, bidean Galata dorrean geldiunea eginda. Turkian ohikoa den estetika-turismoaz ere hitz egin dute.
Istanbulen bi urte daramatzan Amaia Otaolak, berriz, modako auzoa erakutsiko dio Leireri: Çukur Kuma. Diseinatzaile grafikoa da eibartarra eta diskoen azalak diseinatzen ditu artista turkiarrentzat. Herrialdeko musikaz, kulturaz eta erlijioaz arituko da Arnavutköy auzotik: Asiara begira, Europan dagoen arrantzaleen gunetik.
Azti Corres arte ederretako ikaslea ere ezagutuko du Leirek. Europan barrena dabil bidaiatzen, eta koadernoan daramatzan marrazkiak erakutsiko dizkio. Bidaietan ikusitakoak marrazten ditu eta txundituta dago Istanbuleko kolore eta testurekin.
Hiria hobeto ezagutzeko, Aitor Txabarri kazetariak emango dizkio gako nagusiak. Duela hiru urte, hara heltzean bizitoki izan zuen auzotik abiatuko dira, Tarlabasi auzo kurdutik. Freelance lanean ibilita, Turkian bizitako egoerak azalduko ditu.
Bakarrik ezagutzeko moduko hiria ere bada Istanbul, eta egun-pasa egiteko proposamena aurkeztuko digu Leirek: Espezieen merkatura joan, kafe turkiarraren errituala ezagutu, auzo greziar eta judutarretan barrena pasieran galdu, eta hammam batean erlaxatuta amaitu.
Leire Palacios, Istanbulen
Munduan barrena
Istanbuleko bidaiaren ondoren, Mexiko Hiria, Zurich eta Basilea, Atenas eta Lisboa izango dituzte geraleku; bidaiaren azken txanpan, berriz, Varsovia eta Krakovia bisitatuko dituzte. Zer ikusi, dastatu edo gozatu iradokiko digu Leire Palaciosek, eta plan horiek guztiak "Munduko Plazan" Instagram kontuaren bitartez ere partekatuko ditu.
"Munduko Plazan" saio berria, ostegunero, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.