22:30ean
Atenasera bidaiatuko du gaur gauean "Munduko Plazan" saioak
EITB Media
Hibai Arbide, Mikel Garcia Abad, Eneko Perkaz, Ane Lopez eta Xabier Palacios izango ditu bidelagun Leire Palaciosek Greziako hirian barrena.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Atal honetan, munduko plaza askoren jatorrira egingo du salto Leire Palaciosek. Izan ere, agoraren sorlekua izango da protagonista: Atenas hiria.
Atenas bisitatzeko, hiria barru-barrutik bizi duen kazetaria ezagutuko dugu: Hibai Arbide. Barakaldokoa jaiotzez, baina 7 urte daramatza errepublika heleniarrean. Europaren harrera krisia Grezian lehertu zen urtean heldu zen bertara eta ahotsa jarri die bere begiekin ikusitako istorioei: errefuxiatuen egoerari batetik, eta eskuin muturraren gorakadari, bestetik. Pertsonen mugimendu askatasuna aldarrikatzen du Hibaik eta bere auzotik abiatuko dira Atenasen mosaikoa ulertzen hasteko.
Begirada gaztea Mikel Garcia Abadek eta Eneko Perkazek eskainiko dute. Erasmus ikasleak dira eta, arkitektura fakultatean ezagutuko ditu Leirek, gazte mugimenduaren ikur nagusia den Tzavella kalera joan aurretik.
Ane Lopez arrasatearrarekin Exarchia auzoko Navarinou parkean elkartuko da Leire. Parke autogestionatuarekin batera, Embros antzokia ere erakutsiko dio, Atenasen mugimendu anarkistak daukan boterearen ikur. Itzultzailea da ikasketaz eta, Alemanian bizi zela, Greziarekin maitemindu zen bidaia batean. Geroztik, "siga-siga" bizitzea erabaki du: atenastarrek "lasai-lasai" ibiltzeko duten modua. Anafiotika auzora ere joango dira: akropoliaren azpian izanda ere, oasi txikia da turistengandik libre.
Atenas ezagutzen amaitzeko, Xabier Palaciosekin elkartuko da. Xabier gasteiztarra Global Training beka batekin iritsi zen Greziara Microsoften lan egiteko. Eta lanaz harago, topatu du zer maitatua: olibak, tomatea eta feta. Atenaseko gastronomiaren oinarriak azalduko ditu Xabierrek.
"Munduko Plazan" ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.