Itxi

Gaur

'Nago' apustu giroan murgilduta ikusiko dugu

A.E.

EiTB

Aiako idi deman, pilotalekuan eta Joxe Mari Olasagastiren etxean izango da Nagore Aranburu, besteak beste.

Nago. Argazkia: EiTB

'Nago' apustu giroan murgilduta ikusiko dugu gaur gauean. Betidanik gure herri kirolei lotuta egon den ohitura honek zer moduzko osasuna duen ikusteko aukera izan du Nagore Aranburuk. Egungo krisialdi garaia kontuan izanda, jarraitzaile kopurua mantendu ala jaitsi egin den aztertuko du. Horretarako, hainbat leku bisitatu ditu Nagorek.

Aian egindako idi dema baten lekuko izan da Nagore. Gainera, bertako giroa gertu-gertutik bizitzeko aukera izan du, bai eta desafioaren protagonistekin hitz egitekoa ere; Roman Elosegirekin eta Iñaki Lopategirekin, hain zuzen ere.

Joxe Mari Olasagastiren etxean ere izan da Nagore, Igeldon, eta herri kiroletan trebatua den gizon honen ikuspuntua ezagutzeko aukera izan du: "Apustuak jaitsi ez dira jaitsi, orain diskretuago egiten dira".

Euskal Herrian apustuekin lotutako lekurik bada, hori pilotalekua da. Mundu horretako apustu giroa neurtu eta ezagutu nahian, Nagore solasean aritu da artekari batekin, Benjamin Lazkanorekin, eta Xabier Euzkitzerekin.

Eta bukatzeko, teknologia berriei ere erreparatu die Nagorek. RETA enpresaren hazkundea nabarmena izan da azken urteotan. Gaur egun, Euskal Herriko txoko ia guztietan dago makina bidez apustu egiteko aukera; edozein kiroletan egin daiteke apustu. Fenomeno honen zergatia eta funtzionamendua ezagutzeko aukera ere izan du aurkezleak.

'Nago', gaur gauean, 23:10ean, dago ikusgai ETB1en.