Itxi

Musika gaua

Maria Berasarteren doinu dotore eta malenkoniatsuak, "Oholtzan" saioan gaur gauean

EITB Media

Leer en Castellano

Aurretik, Xabier Zabalak eta Bilboko Udal Bandako txistulariek Guggenheim Bilbao Museoan eskainitako kontzertua izango da ikusgai.

Ilaski Serranok aurkezten du "Oholtzan" saioa. Argazkia: EITB Media

Hasteko, Bilbo aldera egingo du "Oholtzan" saioak, Guggenheim Bilbao Museora zehazki. Bilboko Udal Musika bandaren txistularien eta Xabier Zabalaren pianoaren doinuak uztartuko dira kontzertu honetan. Musikariekin batera, Oinkari dantza taldearen dantzariak ere agertokian ikusiko ditugu. Kulturan txistuak duen garrantziari buruz hausnartzea eta musika-tresna gisa duen aberastasuna goratzea da "Bost lerrotan" kontzertuaren helburua. 

Euskal Herriko tradizioan oinarritutako doinuaz gainera (Fandangoa, Arin arina…) irlandar eta eskoziar ukitua duten doinuak ere entzungo dira emanaldian. Ikuskizun honetako egitaraua hamahiru abestik osatzen dute; horietako batzuk dira "Ostroen dantza", "Tagaeri", "Jai txiki", "Izarren izarra", "Aitari" eta "Scotland itsasoa" edota "Irish eyes".

Ondoren, 22:30etik aurrera, "María Berasarte Beasainen. Lurra eta Bidea" ikuskizuna eskainiko du ETB1ek. Donostiar abeslariak bere proiekturik pertsonalena eta originalena aurkeztuko Beasainen eskainitako kontzertu honetan. Bertan, beste musika estilo batzuetara joan-etorriko bidaia egin ondoren, bere euskal sustraietara itzuliko da kantaria, eta musikari apartez inguratuta gainera.