22:30ean
Fair Saturdayren "Ura bere bidean" ikuskizuna, gaur gauean, ETB1en
EITB Media
Euskal Herriko hainbat artista ezagunek Fernando Velazquezek moldatutako euskarazko kantu esanguratsuen bertsioak interpretatuko dituzte. Ondoren, Fair Saturday ekimenaren inaugurazio kontzertua ikusi ahal izango da: 1.500 artistatik gora oholtza gainean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur gauean, Fair Saturday mugimenduak antolatutako "Ura bere bidean" ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da ETB1en, 22:30etik aurrera.
Abenduaren 10ean grabatu zuen Euskal Telebistak Bilbao Arenan. Bertan, Fernando Velazquezek moldatutako euskarazko kantu esanguratsuen bertsioak interpretatuko dituzte Euskal Herriko hainbat artista ezagunek. Oholtzan ikusiko ditugu, besteak beste, Huntza, Eñaut Elorrieta, Pello Reparaz, El Drogas, Idoia, Doctor Deseo, Aitor Gorosabel, Mikel Urdangarin, Aiora, Mabü, Alex Sardui, Iñigo Etxezarreta, Olatz Salvador eta Sua. Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Elkartea izango dituzte lagun eszenategi gainean.
Ondoren, 23:40tik aurrera, Fair Saturdayren irekiera ekitaldia eskainiko da "Oholtzan" saioaren baitan. Ikuskizunak 1.500 artistatik gora jarriko ditu Bilbao Arenako oholtza gainean: Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin batera, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean, Bizkaiko 30 abesbatza, bi gazte orkestra, lau dantza talde (tartean Igor Yebraren eskola) eta Bizkaiko zenbait ikastetxetako gaztetxoak. Horiekin batera, En Tol Sarmiento eta Mäbu taldeek eta Idoia kantariak hartuko dute parte. Musikaren historiako abesti esanguratsuekin gozatu ahal izango da emanaldi ikusgarri honetan.
"Ura bere bidean" ikuskizuna eta Fair Saturdayren irekiera ekitaldia, gaur gauean, ETB1ean.