Pala
Gaubeka eta Perez, Necol eta Del Rio garaituta, Sopela Proko finalera
EITB MEDIA
Bizkaitarrek partida irauli egin dute, eta lau jokotan irabazi diete Necol eta Del Riori. Hartara, Maldonado eta Gordonen aurka neurtuko dira irailaren 30ean jokatuko den finalean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Esteban Gaubekak eta Ibai Perezek Pala Joko Sopela Pro'24 txapelketako finalerako txartela lortu dute astelehen honetan, Dan Necol eta Asier del Rio gainditu ostean. Bizkaitarrek lau jokotan menderatu dituzte aurkariak (10-7, 5-10, 6-10 eta 9-10) eta, horrela, Roman Maldonadoren eta Iker Gordonen kontrako finala jokatuko dute datorren astelehenean, irailaren 30ean, Sopelako Udal Pilotalekuan.
Gaubekak eta Perezek joko eta erdi behar izan dute haien lekua egin eta partida bereganatzeko. Izan ere, Necol-Del Riok lehenengo jokoa eraman dute (10-7), baina, bigarren jokoaren erditik aurrera, armintzarra eta sestaoarra jaun eta jabe izan dira, eta 5-10 irabazi dute.
Bigarren jokoa irabazita, Gaubeka-Perez bikotea baikor agertu da, finalerako sailkapena eskuratzeko aukerak ikusita. Hirugarren jokoan indartsu atera dira Necol eta Del Rio, eta horiek izan dira markagailua zabaldu dutenak, lehenengoaren bi pareta indartsu bati esker. Hala ere, Del Riok txapa kolpatu du eta jokoaren lehenengo berdinketa heldu da (1-1). Akitaniarrak eta lezamarrak apurka-apurka aurrera egin dute, hiru tantoko aldea aterata bizkaitarrei. Hala ere, Gaubekak eta Perezek hirugarrenez berdintzea lortu ondoren, aurrea hartu eta jokoa bereganatu dute (6-10), hein handi batean Del Riok egindako hutsei esker.
Partidaren erdia pasata, bizkaitarrak jo eta su hasi dira, partida eurena izan zitekeela sinetsita. Hala ere, Necolek eta Del Riok oztopatu diete garaipena. Laugarren jokoa oso berdinduta egon da, bi aldeen jokaldi ederrei esker. Jokoaren erdira arte, gorriak egon dira aurrean, partida irauli nahian; markagailuan 3-3ko berdinketa zegoela, Necolek eta Del Riok hiru tanto egin dituzte jarraian (6-3), eta bizkaitarrak egoera zailean utzi dituzte. Hala ere, Gaubekak ez du huts egin, eta tanto eder batzuk eginda, laugarren jokoaren bigarren berdinketa lortu du.
Hortik aurrera, alde biak tentuz aritu dira, tanto bakoitzak zuen garrantziaz jabetuta. Necol eta Del Rio hasi dira aurretik jartzen, bosgarren joko baterako aukera bilatu nahian. Hala ere, norgehiagoka estu baten ostean, eta markagailua beste birritan berdindu ostean, Esteban Gaubekak eta Ibai Perezek ez dute amore eman, eta, horma biko ikusgarri batekin, Gaubekak amaitutzat eman du partida markagailua 9-10ean utzita.