Gastronomia eta umorea
'Pintxo & Pote' saioaren atal berriak, gaurtik aurrera, ETB1en
A.H. | EITB
Gastronomia aitzakiatzat hartuta, herriak eta herri bakoitzeko pertsonaiak sakonago ezagutzeko aukera izango dute Andoni Agirregomezkortak eta Asier Hormazak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Udako atsedenaldiaren ostean, 'Pintxo & Pote' abentura gastro-alaia ETB1en eta eitb.eus-en izango da berriro ikusgai. Gaur hasiko da, eta Asier Hormaza eta Andoni Agirregomezkorta Euskal Herrian pintxo-potean aritzeko herririk aproposenetan zehar ibiliko dira astero, herri horietako giroa eta pertsonaia nabarmenenak gertutik ezagutzeko.
Asier Hormaza (Pintxo) jan-edan zalea da, baina mokofina eta modernoa. Andoni Agirregomezkora (Pote), berriz, tripaundiagoa eta baldarragoa da, itxura batean. Bi lagunak Euskal Herriko pintxo-poterik ezagunenak eta horien inguruko istorioak ezagutzera abiatuko dira. Oro har, herritarrekin jarriko dira harremanetan. Tabernari, pertsonaia xelebre, ekoizle eta famatuak elkarrizketatuko dituzte, pintxo-pote eta pintxoen tenpluak bisitatuz.
Hormazak eta Agirregomezkortak aholkulari garrantzitsua izango dute pintxorik onena dastatzeko egingo duten bidaia honetan: Josema Azpeitia sukaldaritza kazetaria, Ondojan.com aldizkariaren arduradun eta hainbat pintxo libururen egile ospetsu eta saritua. Euren txangoetarako jakin beharreko argibide guztiak emango dizkie.
Pintxo eta Pote elkarrekin iritsiko dira herrira, baina bakoitzak bere bidea hartuko du ondoren. Tartean, gurutzatu eta elkarrekin topo egingo dute, eta biek batera amaituko dute bidaia. Umore eta kale giroko saioak, halaber, lauzpabost gutizi nola egin ikasteko aukera eskainiko du.
Zarautzera bisita
Astearte honetako atalean, Asier Hormaza eta Andoni Agirregomezkorta Zarautzera joango dira, Josema Azpeitiak gidatuta.
Asierrek Txiki polit jatetxea bisitatuko du lehendabizi, eta bertako nagusia den Asier Aldalurrekin pintxo bat prestatuko du. Mikel Eizagirre eta Maite Jauregi tomate ekoizleak ere jatetxean ezagutuko ditu. Gero, Mikel Eizagirrek bere baserrira eramango du Asier, tomateei buruzkoak ezagutzera.
Andoni, berriz, Jakoba tabernara abiatuko da. Hantxe, Jakoba Peña egongo da, eta sushia prestatzen erakutsiko dio. Jarraian, Oihan Lopetegi abeslari eta aktorearekin, Bai Batzokia tabernara joango da, pintxoa jatera.
Asier eta Andoni Lukas ardotekara joango dira, elkarrekin, eta txakolin kata bat egingo dute bertan, Koldo Gartzia lagun dutela.
Ondoren, Andoni Zarauzko Merkatura joango da, eta bezeroekin eta postuetako langileekin hizketan arituko da, Maite Jauregi tomate-ekoizlearekin, besteak beste. Martin eta Karlos Argiñanorekin ere izango da Andoni, Argiñano jatetxean, eta Toldotxo pintxoa egingo dute.
Asier Joshe Mari tabernara joango da, Nerea Rodriguez blogariarekin, eta pintxo bat prestatuko dute, Igor eta Aitziberrekin.
Andonik Txomin Etxaniz bisitatuko du, eta Aitor Txuekarekin egongo da. Gero, Maite Bastos aurkituko du, eta Salegi tabernara joango dira zerbait hartzera.
Berriz elkarrekin, Andonik eta Asierrek surfa egingo dute Axi Muniain surflariarekin, eta Iruñea tabernara joango dira. Amaitzeko, Zarauzko pintxo-potean murgilduko dira, eta Naparrak, Alai eta beste hainbat taberna ezagutuko dituzte.