22:30ean
'Pintxo & Pote On Tour' food truck-ean iritsiko da, gaur, ETB1era
A.E.|EiTB
Asier Hormazak eta Mikel Elizegik gidatuko dute denboraldia Donostian abiatuko duen sukaldaritza abentura.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur (uztailak 3) 'Pintxo & Pote on Tour' iritsiko da EiTBko programaziora. Uda honetan, Asier Hormazak Mikel Elizegi izango du bidaia lagun abentura gastroalai honetan, eta gainera, food truck ikusgarri batean ibiliko dira herriz herri showkaldea muntatuz.
Aurten ere, Euskal Herriko txoko desberdinak ezagutu eta ezagutzera ematea da helburua, udako pintxorik freskoena aurkitzeko asmotan eta, betiere, Josema Azpetia sukaldaritza kazetari adituaren aholkupean. Guztia, jakina, umore giroan egingo dute. Herrietako giroa erakutsi eta herri bakoitzeko pertsonaiekin egoteko aukera emango du tarteak.
Udako atal hauetan, gainera, hirugarren lagun berezi bat izango dute alboan, 'Pintxo & Pote On Tour'-eko food truck edo sukaldean aritzeko furgoneta. Bertan, showkaldea eratuko dute: pintxo lehiaketak egingo dituzte, hainbat jakien dastatzeak antolatu eta janaria prestatu, besteak beste. Musika eta ikuskizuna ez da faltako gastronomiaren inguruan. Orobat, hainbat herritako sukaldari eta famatuak bildu eta festa-giroa sortuko dute gastronetan
Lehenengo saioan Donostian barrena ibiliko dira bi aurkezleak, eta hurrengo asteetan Mundakan, Arabako Errioxan, Orion, Lizarran, Ondarroan, Getarian eta Bermeon ikusiko ditugu.
Donostian estreinatuko dute food truck-a
Donostian murgilduko da aurkezle parea igandean ikusiko dugun saioan, eta tartean, lagun eta gonbidatu berezi ugari topatuko dituzte. Esaterako, Maitena Salinasekin ostrak jango dituzte. Zazpi tabernan euskal kabiarra dastatuko dute eta food truckean, pintxo lehiaketa antolatuko dute. Berebat, Ilarra tabernako Josean Eizmendi eta Aratzeko Xabi Zabaletarekin egongo dira. Farandula eta Topa tabernetan ere izango dira estreinaldiko saio honetan. Programa osatzeko, Txurruk eta Amaia Puertasek ibilbide gatronomikoa egiten lagunduko diete. Elizegi eta Hormazarekin izango dira San Martin Merkatuko Gastropotean, eta baita saioa amaitzeko, showkaldean ere.
'Pintxo & Pote On Tour' gaur izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30ean.