Itxi

15:00etan

Literaturako Nobel Sariaz, gaurko'Sautrela'n

A.H.

EITB

Horrez gain, Lourdes Oñederraren azkeneko eleberria ezagutuko dute, Intemperies - babes bila-.

Lourdes Oñederra

2013ko Literaturako Nobel Saria berriki eman den honetan, gaurko 'Sautrela' saioak sariketa ezagun honen inguruko hausnarketa egingo du. Munduko literatur sari ezagunena da, baina ze punturaino da garrantzitsua, esaterako, kanona zehazteko? Zuzenean bihurtzen al dira sarituak literaturaren historiako autore erreferentzial?

'Sautrela'k sariketaren funtzionamendu modu, ezaugarri, keria eta abar ezagutuko ditu aste honetan Ane Lusarretak atondutako erreportajean. Mari Jose Olaziregi literatur kritikari eta Etxepare Institutuko euskararen sustapen eta hedakuntzarako zuzendariaren, eta Xabier Mendiguren editore eta idazlearen ahotik jasoko dute sariketaren gaineko informazioa. Horrez gain, gure literaturari dagokionez, idazle euskaldun batek sari preziatu hori inoiz irabazteko aukerak zeintzuk diren galdetu diete bi adituei, ea inoiz euskal literaturak Suediako Akademiako kideen aitortza izango ote duen.

Elkarrizketaren atalerako, udaberrian argitaratutako liburu bat aztertuko dute: Lourdes Oñederraren Intemperies –babes bila–. Oñederrak bere aurreko eta lehenengo liburuarekin, Eta emakumeari sugeak esan zion nobelarekin, halako astinalditxoa eragin zuen euskal literaturan. Liburu aski saritu eta irakurria izan zen hura, eta honenbestez, dezenteko ikusmira egon da bere Intemperies bigarren nobelarekin. Berrogeita hamarretan dagoen emakume baten istorioa kontatzen du liburuak, eta nobelaren ertz eta enparauez hitz egiteko etorriko da Oñederra.

Beñat Sarasolak, aldiz, bere atzera begirakoan, Itxaro Bordaren lehenengo nobela izango du hizpide, 1984ko Basilika. Bere garaian zeresan ugari eman zuen nobela hark, bat baino gehiagoren asaldura eragin orobat, eta gaur egundik nola irakur daitekeen azalduko digu Sarasolak.

'Sautrela' gaur emitituko da 15:00etatik aurrera ETB1en.