15:00etan
Krisiak literatur industrian duen eraginaz, gaurko 'Sautrela'n
A.H.
EITB
Elkarrizketaren atalean, Peru Magdalena idazleak Egia esan nobela aurkeztuko du.
Krisi ekonomikoa denon ahotan dugu azken boladan. Literatura, ordea, halako auzi mundutarretatik at dagoela pentsatzeko joera egon ohi da; gizartearen egoera edozein delarik ere, sormena beti dela sormen, eta beraz, literaturan ez dutela eraginik arrisku sari, BPG, langabezi tasa eta enparauek. Alabaina, benetan al da hori horrela? Aste honetako 'Sautrela' saioak krisiak argitalpengintzan, halaber, literaturaren industrian nola eragiten duen aztertuko du. Liburu salmentak jaitsi baldin badira, eta diru sarrerak oro har behera egin badute, aukerarik egongo ote da literatur lan berri eta askotarikoez gozatzeko aurrerantzean? Galdera horiei erantzuten saiatuko gara, gaur, 15:00etan, Hasier Etxeberriaren gidaritzapean.
Gainera, literaturaren industriari dagokionez, berriki ezarian zabaltzen joan den liburu elektronikoaren gaia aipa daiteke. Nola eragiten du gailu horren hedapenak euskal literaturako argitaletxeetako salmentetan? Zer espero dezakegu datozen urteetarako? Zenbatekoak dira liburuen argitaraldiak? Zenbat ale inprimatzen dira liburuko? Poesia bezalako literatur genero minoritarioak argitaratzea jasangarria al da? Galdera horiek eta beste hainbat izango du ardatz aste honetako erreportajeak.
Elkarrizketaren atalean, Peru Magdalena (Berriz, 1980) izango dute gonbidatu. Udaberrian argitaratu zuen bere azkeneko liburua, Egia esan nobela berezia, eta hari buruz mintzatzeko parada izango dute 'Sautrela' saioan. Magdalena, idazle gaztea izanagatik, bere ibilbidetxoa egina du euskal literaturan, aurretik plazaratutako narrazio liburu eta poema bilduma banarekin, ibilbide propio eta aski pertsonala izan ere. Egia esan aita eta seme baten arteko harremanean harilkatutako istorioa da. Askatasunaren eta konpromiso sozialaren arteko tentsioan, bidaia fisiko bezain emozionala eskaintzen digu.
Beñat Sarasolak, aldiz, Arantxa Urretabizkai-ren estreinako nobela ekarriko du gogora, 1979ko Zergatik panpox? sonatu hura. Gerora film bat ere egin zen kontakizun harekin, eta garai horretako euskal literaturako mugarritzat jo izan da urte luzetan.
'Sautrela' gaur izango dugu ikusgai, 15:00etan, ETB1en.