ETB1en
'Queer' teoriaren inguruan, 'Sautrela' saioan, gaur
A.A.
EiTB
Teoria honek literaturari egin dizkion ekarpenak aztertuko dituzte Ibon Egañak lagunduta.
Aste honetako 'Sautrela' saioan, azken urteotan bolo-bolo dabilen teoria baten inguruan mintzatuko dira, queer teoriaren inguruan. 90eko hamarkada hasieran sortutako teoria da, eta neurri batean teoria feministaren baitan sortutako garapen gisa uler liteke. Gaur, 15:00etan, ETB1en.
Queer hitzak, ingelesez, arraroa esan nahi du, baina gayak mespretxuz izendatzeko erabili izan da baita ere. Teoria honek, bada, arrarotzat jotzen diren sexu-joera, genero eta sexuak aztertzen ditu besteak beste. Queer teoriaren uholdea gurera batez ere azken hamarkadan iritsi dela esan daiteke; sarritan aipatzen da egun feminismoaren inguruko gai eta eztabaidetan. Haatik, guk teoriari berari baino literatur azterketarako egin dizkion ekarpenei ipiniko diegu arreta. Ze begirada berri eskaini dio queer teoriak literaturari? Ba al dago queer literaturarik? Nola irakur daiteke euskal literatura queer teoriatik? 2010ean Ibon Egaña-k koordinatutako eta hainbat autoreren artean idatzitako Desira desordenatuak liburua argitaratu zen, euskal literatura queer ikuspuntutik aztertzeko helburuarekin. Egañarekin hitzartu dira auzi horien guztien inguruan solas egiteko.
Elkarrizketaren atalean, Aingeru Epaltza izango dute gonbidatu. 2006an Mailuaren odola-rekin abiatu zuen 'Erresuma eta fedea' trilogiaren azkeneko liburukia argitaratu berri du, Gure Jerusalem galdua, eta hari buruz arituko da idazle nafarra. Joanes Mailu protagonistaren azkeneko abenturak kontatzen dizkigu nobelak, aurreko bi liburukiak bezalaxe, Nafarroako Erresumaren gainbeheran lekututako istorioan. Historia eta fikzioa gurutzatzen diren nobela da, bada, non Pedro Agerre Axular-ek protagonismo berezia hartzen duen halaber.
Beñat Sarasolak, Ramon Saizarbitoriaren hirugarren nobelaren inguruan, Ene Jesus-en inguruan, hitz egingo du. Ziur aski Saizarbitoriaren lehenengo liburuen arteko ezezagunena dugu, eta askorentzat, baita donostiarraren obra zailena ere. Egun ere irakurtzeko hain nekeza suertatzen den azalduko du Sarasolak, denboraren igarotzeak on egin dion edo ez.
Hori guztia izango dugu, beraz, gaur 15:00etatik aurrera; betiko moduan, 'Sautrela' bereizten duten taxukera, pitxi eta bestelakoekin.