Itxi

15:00ean

Autofikzioaz arituko dira gaurko 'Sautrela'n

A.H.

EITB

Horrez gain, Iban Zaldua idazleak bere Inon ez, inoiz ez liburua aurkeztuko du.

Autofikzioa, literatur munduan azken boladan sarritan entzuten den hitza dugu: autofikzio-nobela, autofikziozko narrazioak... Haatik, ba al dakigu zehaztasunez zer ote den autofikzioa delakoa? Zer diferentzia ote dago, esaterako, kontakizun autobiografiko eta autofikziozko baten artean? Ez ote dira autobiografiak ere fikziozkoak neurri handi batean? Azken urteotan boladan ipini den kontzeptu horri buruz jardungo dira aste honetan 'Sautrela'n. Moda hutseko kontua den edo benetako berritasun literarioa den aztertuko dute.

Horrez gain, Iban Zaldua idazlea elkarrizketatuko dute. Dagoeneko ibilbide oparoa egin du gonbidatuak urrutira joan gabe iaz Euskadi Saria lortu zuen gaztelerazko saiakera arloan. Batez ere ipuingintzan nabarmendu izan da dena den, eta oraingoan ere ipuin liburu bat aurkeztuko du: Inon ez, inoiz ez. Bere proiektu mardul eta garrantzitsuenetakoa ezbairik gabe, eta idazlearen ohiko ezaugarriak topatu daitezke bertan: ironia, joko literarioak, historia eta fikzioa, posiblea eta posible ez denaren arteko nahasketak, etab.

Amaitzeko, Beñat Sarasolak liburu bakan horietako bat ekarriko du: Agiriak izeneko liburu kolektiboa, hainbat euskal idazle eta artisten artean ondurikoa eta Gabriel Arestiren omenez haren heriotzaren ostean argitaratutakoa. Aski edizio ederra duen liburua eta bitxikeriaz beterikoa, idazle ezagun zein ezezagunen poemez betea.

'Sautrela' gaur emitituko da 15:00etatik aurrera ETB1en.

Informazio gehiago (1)