Itxi

15:00ean

Japoniako literatura hizpide, gaur, 'Sautrela'n

EITB

Japonierara itzulitako lehen euskal liburuaz, eta Asiako herrialde honetako literatur zaletasun eta genero, idazle eta idazlan nagusiak ezagutuko dituzte.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Japoniako kulturak geroz eta itzal handiago du Mendebaldean, eta jakina, baita Euskal Herrian ere. Japoniar literaturaz ordea, zenbat dakigu? Zer ezagutzen dugu haren inguruan? Aste honetako 'Sautrela' saioan, bada, Japonia eta haren literatura izango dituzte ardatz nagusi.

Izan ere, berriki argitaratu da munduaz bestaldeko bazter hartan Bernat Etxepareren Linguae vasconum primitiae liburua, japonierara ekarria. Sho Hagiok eta Hiromi Yoshidak itzuli dute eta azken honekin solastatuko dira liburuari zein itzulpenari buruz. Nolatan bururatu zitzaien gure lehen liburua itzultzea? Zergatik hori eta ez modernoago bat? Ze zailtasun izan dute itzultzerakoan? Nola lan egin ote dute? Japonian euskal kulturak zer interes pizten duen ere jakingo dute Hiromi Yoshidarekin, eta baita beste hainbat kontu ere.

Horrekin loturik, Japoniako literaturari buruzko erreportajea taxutu du 'Sautrela'k aste honetarako. Hango literatur zaletasunaren inguruan ez ezik, Japoniako literaturako historiako genero, idazle eta idazlan nagusiak aipatuko dituzte erreportajean parte hartu duten adituek. Haikuak dira ziur aski literatur forma japoniar ezagunenak, baina zelako garrantzia dute benetan? Zale ugari ote dute? Bestetik, mendebaldera erruz iristen diren japoniar erreferentzia garaikideak, Haruki Murakami kasu, nola irakurtzen ote dira han?

Azkenik, saioaren hondarrean, Beñat Sarasolak Iñaki Mendigurenen liburu bat izango du hizpide: Haltzak badu bihotzik. 1990an argitara emana, aitzindaria izan zen euskal literaturaren historian zenbait alderdiri dagokionez.

'Sautrela' gaur izango da ikusigai, 15:00etatik aurrera, ETB1en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)