Itxi

15:00ean

Katixa Agirreren lehen nobelaz, gaur, 'Sautrela'n

EITB

Horrez gain, Yaser Kemal idazle kurdu handiaz arituko dira solasean.  

Gaurko saioan udaberriko literatur nobedade esperoenetako bat izango dute 'Sautrela' saioan, Katixa Agirreren lehen nobela, Atertu arte itxaron. Aurretik bi ipuin liburu argitaratu ditu Agirrek, Sua falta zaigu eta Habitat, biak ere aski irakurri eta komentatuak izan zirenak. Agirre EHUko irakasle ere bada ikus-entzunetakoen arloan, eta hain justu unibertsitateko zenbait kontu azaltzen dira, besteak beste, nobelan. Gizon-emakume bikote baten Euskal Herrian zeharko opor bidaia bat kontatzen du, bien arteko harremana hondoan dagoela. Benjamin Britteni buruzko eta euskal gatazkarekin loturiko hari banarekin osatzen da gainera kontakizuna.

Bestetik, idazle zendu berri bati buruzko erreportajea ere eskainiko dute larunbateko saioan. Otsailaren akaberarekin joan zen Yasar Kemal idazle kurdu handia. Turkiarrez idazten zuelarik, Turkiako literaturako idazle handienetakoa da. Haren bi lan daude euskaratuak, Zanpa ezak sugea eta Ararat mendiaren sumina. Horien itzultzaileekin elkartu da 'Sautrela', Xabier Aranburu eta Fernando Reyrekin, hurrenez hurren, Kemalen inguruan gehiago jakiteko.

Beñat Sarasolak XX. mende amaierako ipuin liburu batean mintzatuko da, Javi Cilleroren Hollywood eta biok-i buruz. Huraxe izan zen bere lehen liburua eta ipuingintza mota bateko erreferentzia garrantzitsua Sarasolak azalduko digunez.

'Sautrela', gaur, 15:00etatik aurrera, ETB1en.