15:00etan
Iñaki Irasizabali elkarrizketa, gaur, 'Sautrela' saioan
A.E.
EiTB
Zarauzko Literaturia jaialdiaren harira egindako film laburra eskainiko du saioak primizian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur, 'Sautrela' literatur saioan, Iñaki Irasizabal elkarrizketatuko du Hasier Etxeberriak. Iñaki Irasizabal idazle oparoa dugu azkeneko hamar urteetan. Mende hasierarekin argitaratzen hasi zenetik azkeneko nobela da Aita gurea, aste honetan protagonista izango dutena. Nobela beltzean zaildutako autorea dugu Irasizabal, eta liburu berria ez da salbuespen. Enpresa baten salerosketa eta oinordetza baten arteko gatazka du oinarri, gaur egunean eta Bizkaian kokatutako eleberri horrek. Pertsonaia askotarikoak biltzen dira kontakizunean: enpresa gizonak, yonkiak, gerenteak, Down sindromea duen haur bat... Estilo bizi eta euskara aratzez idatzia, ekintzaz josiriko kontakizuna bilbatu du Irasizabalek. Harekin mintzatuko dira aste honetako saioaren zati nagusian.
Erreportajearen ohiko lekuan, pieza berezi bat eskainiko du 'Sautrela'k primizian. Hilaren bukaeran Literaturia jaialdia egingo da Zarautzen, eta haren harira ekoitzitako laburmetraia eder bat eskainiko dute. Ander Lipus aktorearekin, Bertol Arrietaren gidoiarekin eta Juanfe Garcesen errealizazio eta zuzendaritzapean egindako pieza dugu.
Azkenik, saioa amaitzeko, Beñat Sarasolak Arantxa Urretabizkaiaren nobela bat izango du hizpide, 1987an plazaratu zuen Saturno. Ia hiru hamarkada ondoren, gaur egundik nola irakurtzen den azalduko digu Sarasolak.
Ohiko legez, gaur izango dugu ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en.