Literatura
Asier Serrano, 15:00etan, 'Sautrela' saioan
A.H. | EITB
Musika eta literaturaren arteko harremana aztertuko dute, Bob Dylanen Nobel sariaren harira sortu den polemika hizpide hartuta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Larunbat honetako 'Sautrela' saioan, Asier Serrano idazle ezaguna izango dute gonbidatu. Lubaki Bandaren sortzaile izan zenetik, etenik gabe idatzi ditu liburuak; poema, narrazio zein nobelak. Horrez gain, musikari moduan eginiko lana ere azpimarratzekoa da, EH Sukarrak eta Lorelei taldeetan zein bakarka. Serranok bulkada poetiko berezia izan du azkenaldian, eta horren emaitza dira aurten argitaratu dituen bi poema-liburuak: Ate osteko itzalak eta Linbotarrak. Biak saritu dituzte; Irun Hiria sariarekin, lehena, eta Xabier Lete sariarekin, bigarrena. Bi liburu horien inguruan mintzatuko dira Serranorekin. Bakoitzak bere izaera izaki, zertan bereizten diren eta zer helbururekin idatzi zituen azalduko du. Halaber, horien harira sortu duen ikuskizun poetiko-musikalaren berri ere emango digu.
Bestetik, Bob Dylanen Nobel saria dela-eta sortu den polemikari erantzunez, 'Sautrela'ko biltegiko erreportaje bat berreskuratuko dute, hain justu literatura eta kantugintzaren arteko harremanaz diharduena. Bertan ikusiko ditugu Juan Carlos Perez, Ruper Ordorika, Anari, Imanol Ubeda eta Jose Luis Otamendi auziaz hizketan. Kantuen letrak ere literatura ote dira? Kantua genero literarioa izan liteke?
Juan Luis Zabalak Inazio Mujika Iraola idazlearen narrazio liburu bat komentatuko du: 1994. urtean argitaratutako Hautsaren kronika. Haren ipuin liburu ezagunenaren, Azukrea belazeetan izenekoaren, gerizpean geratu zen akaso, baina aski gomendagarria da, Zabalak azalduko duen modura.
'Sautrela' gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.
TB1en.