Itxi

Literatura

Juanjo Olasagarre idazleari elkarrizketa, gaur, 'Sautrela' saioan

EITB

Leer en Castellano

Horrez gain, Errusiako Iraultzari buruzko literaturaz arituko dira, eta Hariak antzezlana ezagutuko dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Nobela berria publikatu du Juanjo Olasagarrek udaberri honetan, Poz aldrebesa, eta gaurko 'Sautrela' saioan aurkeztuko du. Bere hirugarren eleberria da, liburu mardula eta apustu literario indartsua, dudarik gabe. Axi eta Joseba bikotea ditu protagonista, eta borroka politikoak eguneroko bizimoduan eta bikote harremanetan nola zertzen diren erakusten du, besteak beste: gay liberazioa, kontraesanak, zaintza, bizipoza, ernegazioa... Askotariko sentimendu eta hausnarketak topatuko ditu irakurleak liburuan, eta ziur aski bera ere ez da sentituko nobelako pertsonaia ugari horien orkestratik oso aparte. Iruñea eta Bilbo artean kokatua, pertsonaia ugariz osatutako nobela bizia da, zeresana emango duena.

Aurten beteko dira ehun urte Errusiako Iraultza jazo zena, eta, horren harira, iraultza horrek literaturan zer eragin izan zuen aztertuko dute aste honetako erreportajean. Iraultza piztu aurreko testuinguru soziokulturala aztertuko dute, eta iraultza haren arrastoa zein obratan nabarmendu daitekeen azalduko dute. Errusia eta mundu osoa hankaz gora utzi zuen iraultza horrek literatura ere irauli ote zuen? Edo, alderantziz, literaturak ere iraultza bultzatu ote zuen?

Saioaren bukaeran, Jaime Valverde antzerki kritikaria Hariak antzezlanaz arituko da. Asier Zabaletaren zuzendaritzapean, antzerkia eta dantza nahasten dituen obra da, eta haren ezaugarri eta bertuteak azalduko ditu Valverdek. Amaitzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak azalduko ditu saioak.

'Sautrela' gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)