Kargatzen...
Itxi

22:00etan

Hernanira abiatuko da gaur gauean "SOS Kantak Arriskuan" saioa 1918ko kanta baten bila

EITB Media

Leer en Castellano

1918an Hernanin gertatu zen matxinadari buruz emakume batek bota zituen bertsoen atzetik joango dira Klara Mendizabal, Lide Hernando eta Iker Lauroba.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Igande honetako "SOS Kantak Arriskuan" saioan, Hernanira joango dira "Berso berrik (Andra batek jarrik)" kanta errekuperatzeko asmoarekin. Abestiak 1918ko apirilaren 2an Hernanin gertatu zen matxinadaz hitz egiten du. Urte horretan baztanga gaixotasunaren zazpi kasu eman ziren Lasarten, eta Gobernadore Gorenak agindua eman zuen apirilaren 2an Lasarteko baztangadun gaixoak Hernaniko Benefizientzia Etxera eramateko. Hernaniarrek bazekiten gaixotasuna oso hilkorra zela, eta azkar hedatzen zela, eta ez ziren erabakiaren aldekoak.

Gobernadoreak agindutakoa eragozteko, kalera atera ziren eskura zuten guztiarekin; altzariak, maindireak, etab. Bidea oztopatu zieten kamioiei, eta zubi guztietan barrikadak jarri zituzten Osasunaren alde aukera gehiago daude lelopean. Azkenean, Hernanira ezin sarturik, gobernadoreak atzera egin behar izan zuen.

Hernaniarrek lorpena ospatzeko herri bazkaria antolatu zuten, eta 100 pertsona baino gehiago batu ziren bertan. Bazkaria bukatuta, adore handiz, mahai gainera igo zen Joxepa Zubeldia Elizegi. Garai hartan ez zen ohikoa emakumeak kantan bakarrik aritzea, eta are gutxiago mahai gainera igotzea. Joxepak, ordea, ez zuen lotsarik izan, eta gertatutakoari buruzko 24 bertso abestu zituen, herri guztia begira zuela. Joxepak bertso eta kanta asko idatzi (eta abestu) zituen bere garaian, baina idatzitako guztietatik gorde den bakarra matxinadari buruz hitz egiten duena da.

Hernaniko auzokideekin bilduko dira Klara Mendizabal, Lide Hernando eta Iker Lauroba aurkezleak gertatutakoaren berri jasotzeko, eta besteak beste, Haritz Muñoa historialariarekin, Aitor Huizi eta Uxue Amonarriz musikariekin, eta Xabier Lertxundi alkatearekin egongo dira.

"SOS Kantak Arriskuan" gaur izango da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)